Euskal Selekzioaren etxeko debuta, Jai Alain
Jai Alai frontoiak Nazioen Liga hartuko du ekainaren 1etik 6ra artean. Bertan, Euskal Selekzioak Euskal Herrian debuta egingo du. Elaia Gogenola, Maia Goikoetxea eta Maialen Aldazabal berriatuarrak, Aritz Erkiaga ispastertarra eta Eñaut Urreisti mutrikuarra selekzioarekin ariko dira.

Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekua mugarri historikoaren testigu izango da datozen egunotan: Euskal Selekzioak Euskal Herrian estreinakoz egingo duten Nazioen Ligan debuta egingo du. Ekainaren 1etik 6ra bitartean, nazioarteko pilotaren agertokirik puntakoena bihurtuko da frontoi hori, eta pilotari euskal herritarrak ikuskizun horren partaide izango dira. Eurekin batera, Frantzia, Espainia, Filipinak, Ameriketako Estatu Batuak eta Mexiko ariko dira lehian. Sarrerak eta bonoak salgai daude.
Domeka honetan, estreinako jardunaldiak ligaxka partidua hartuko du; finalaurrekoak ekainaren 5ean jokatuko dituzte; finalak, ostera, hilaren 6an. Gizonezkoak nahiz emakumezkoak izango dira protagonista. Gizonezkoen ligaxkan bi multzotan banatu dituzte taldeak: A multzoan, Espainia, Mexiko eta Ameriketako Estatu Batuak; B multzoan, Frantzia, Filipinak eta Euskal Selekzioa. Emakumezkoen ligaxkan multzo bakarra izango da, lau talderekin: etxekoa, Filipinak, Frantzia eta Mexiko.
Lehiaketaren tanteoa 15/15ekoa izango dela argitu dute; berdinketa hausteko hirugarren seta, aldiz, 10 tantura jokatuko dute. Bi txapelketetan kanporaketa oso orekatuak espero dituzte antolatzaileek, eta ez dago garaipena lortzeko “faborito argiegirik“. Euskal Selekzioko emakumezkoen eta gizonezkoen debuta ekainaren 2an izango da, 21:15ean eta 22:15ean, hurrenez hurren; Frantziaren aurka ariko dira euskal pilotariak. Gizonezkoen artean, Aritz Erkiaga ispastertarra, Eñaut Urreisti mutrikuarra, Imanol Lopez zumaiarra eta Unai Lekerikabeaskoa gernika-lumotarra izango dira parte hartuko dutenak. Emakumezkoen artean, berriz, Helena Barrenetxea durangarak hiru berriatuar edukiko ditu aldamenean: Elaia Gogenola, Maia Goikoetxea eta Maialen Aldazabal.
Txapelketaren aurkezpen agerraldi ofiziala gaur [maiatzak 26] egin dute, Bilboko Bizkaia frontoian. Bertan egon dira Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko eta Euskadiko Euskal Pilota Federazioko ordezkariak. Bizkaiko Ahaldun Nagusi Elixabete Etxanobek adierazi du pilota “nortasun kolektiboaren funtsezko parte” dela: “Gainera, nazioartean gure koloreekin lehiatu ahal izatea, gure etxean eta herri gisa, benetako ohorea eta harro egoteko arrazoia da”. Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza politikako sailburu Ibone Bengoetxeak, selekzioa “gure herriaren snboloa eta erreferentea” dela azpimarratuta, txapelketa hori “ilusioz eta harrotasunez bizitzeko agertoki historikoa” dela argitu du.
Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko presidente Xavier Cazaubon “emozioz” aritu da, “FIPV Euskal Herrira itzuliko delako, Gernika-Lumoko pilotalekura, 34 urte geroago”. Era berean, nazioarteko ekitaldi hau antolatzeko euskal erakundeekin eta euskal federazioarekin batera “egindako elkarlana” nabarmendu du Joxe Mari Mitxelenak, Euskal Pilota Federazioko presidenteak, nabarmendu du Nazioen Liga sinbolismoz beteta dagoela: “Gure espezialitaterik nazioartekoenean emango da Euskal Selekzioaren debuta: zesta-puntan”.
EGUTEGIA
- Ekainak 1: 11:00. AEBak-Mexiko (G). 12:00. Mexiko-Frantzia (E). 13:00. Filipinak-Frantzia (G).
- Ekainak 2: 18:30. Espainia-Mexiko (E). 20:30. Inaugurazio ekitaldia. 21:15. Euskal selekzioa-Frantzia (E). 22:15. Euskal selekzioa-Frantzia (G).
- Ekainak 3: 19:00. Espainia-AEBak (G). 20:00. Espainia-Frantzia (E). 21:00. Euskal selekzioa-Mexiko (E).
- Ekainak 4: 18:00. Espainia-Mexiko (G). 19:00. Euskal selekzioa-Espainia (E). 20:00. Euskal selekzioa-Filipinak (G).
- Ekainak 5: 21:00. Finalerdiak (G).
- Ekainak 6: 12:00. Hirugarren eta laugarren posturako partida (G). 21:00. Finala (E). 22:00. Finala (G).
ETB1ek zuzenean emango ditu ekainaren 2ko, 5eko eta 6ko jardunaldiak, eta ETB4k ekainaren 4koa.