"Giro ederrean" ospatu dituzte Bertso Topaketak Ondarroan
Barikuan [maiatzak 23] Bertso Topaketetan batu ziren Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastolako eta Zaldupe Eskolako seigarren mailako ikasleak, ikasturtean ikasitakoa erakusteko.

Ondarroako herriko frontoia bertsozalez bete zen barikuan [maiatzak 23]; izan ere, Bertso Topaketak ospatu zituzten udalerriko Zubi Zahar Herri Ikastolako eta Zaldupe Eskolako ikasleek. “Ikasturteko jarduna erakutsi eta eguneroko lana balioan jartzeko helburuagaz egiten ditugu topaketak urtero. Aurten, gainera, Peru Vidal bertsolaria izan da irakaslea, eta ikasleek asko ikasi dutela azpimarratu zuen barikuko ekitaldian. Ikasturteko jardunagaz pozik gelditu dira ikasle eta irakasleak”, zehaztu du Ondarroako Udaleko Maite Rey euskara teknikariak.
Lotsak alde batera utzi eta bertso saio bat egiteko gaitasuna landu dutela azpimarratu du Reyk, eta Ondarroak Udaletik zein Bizkaiko Bertsozale Elkartetik pozik gelditu dira ikasturteko lanagaz; hala, datozen urtetan ere bide horretatik jarraituko dutela jakinarazi du euskara teknikariak.
Peru Vidal bertsolariaz gain, Aissa Intxausti eta Haizea Telleria bertsolariek ere saioa eskaini zuten, eta Mikel Ununtziaga abeslari eta gitarra jotzaileak zenbat abesti eskaini zituen. “Giro ederra nagusitu zen frontoian, eta irakasle eta ikasleez gain, jende gehiago ere bertaratu zen”.
Barikuko ekitaldia aprobetxatuz, topaketen barnean Arri-Botx bertso paper lehiaketako sariak banatu zituzten. Sari orokorra Karle Solabarrieta Bonillak irabazi zuen, eta taldeko saria Saioa Llana Crujeiras, Birama Ndong Zabaleta, Maitane Azpiri Txoperena eta Intza Bengoetxea Egigurenek eskuratu zuten. Sariak banatzen Arri eta Botx bertsolariak eta Irina Alkorta jarduneko alkatea egon ziren.
Argazki guztiak: Ondarroako Udala.




























