LGTBIfobiaren aurka, borrokatzeko deia
Markina-Xemeingo Udalak LGTBIfobiaren aurka borrokatzeko deia egiteagaz batera, hiru ekintza antolatu ditu. Eguaztenean eta eguenean [maiatzak 28 eta 29] eta ekainaren 5ean antolatu dituzte ekintzak. Eguaztenean [maiatzak 28] Zinegoak jaialdia egongo da.
Joan den maiatzaren 17an izan zen LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta horren harira, adierazpena argitaratzeagaz batera, Markina-Xemeingo Udalak hiru ekintza antolatu du. Etzi [maiatzak 28], eguenean [maiatzak 29] eta ekainaren 5ean antolatu dituzte ekintzak.
“Homofobiaren, lesbofobiaren eta transfobiaren aurka borrokan egitea askatasuna, duintasuna eta giza eskubideak defendatzea” dela defendatu du udalak. Hala, sexu eta genero aniztasuneko politikak garatzeko konpromisoagaz aurrera jarraituko dute, eta baita sentsibilizazioa eta ikusgarritasuna lantzeko programak burutzen ere: “Pertsona guztien eskubideen defentsan irmo jarraituko dugu, politika publikoetan babes neurriak eta bazterkeriaren aurkakoak ezarriz”.
1990eko maiatzaren 17an ezabatu zuen Osasunaren Mundu Erakundeak (OMS) homosexualitatea gaixotasun mentalen zerrendatik. Udalaren esanetan, ordutik hona legeak aurrera “asko” egin du, baina, oraindik ere “bazterkeria, estigmatizazioa eta indarkeria” jasaten dituzte LGTBI+ kolektiboko kideek. Halaber, aditzera eman dutenez, gizarteari “bide luzea” geratzen zaio egiteko: “Gizarteak, beraz, bide luzea dauka egiteko eta jorratzeko, berdintasun egiazkoa eta eraginkorra lortuko badu. Zoritxarrez, aurreiritziak, uste faltsuak, estereotipoak, bazterketa eta gorrotoa oraindik ere sakon errotuta daude gizarteko sektore askotan”.
Hiru ekintza. Hala, hartutako konpromisoan berretsiz, udalak denetariko ekintzak antolatu ditu hiru egunetan sakabanatuta. Alde batetik, Zinegoak Jaialdia hartuko du Esperantza aretoak eguaztenean [maiatzak 28], 19:00etatik aurrera: “Egun honetan, zinemaren bidez aniztasuna, inklusioa eta errespetua jorratuko dira, ikuspegi eraldatzaile eta parte hartzaile batetik”. Hala, sei film labur ikusteko aukera egongo da: ¿Donde estas? (Maria Moreno Novoa), Arrecife (Angel Morales Ballesta), Queimado por dentro (Enock Carvalho eta Matheus Farias), Three (Amie Song), Judoka (Ander Iriarte) eta Azkena (Ane Ines Landeta eta Lorea Lyons). Markina-Xemeinen ikusi ahalko diren filmen inguruko informazio gehiago Zinegoaken web orrian dago eskuragarri.
Eguenean [maiatzak 29], ostera, 18:30ean ipini dute hitzordua, kultur aretoan. Naizen Elkarteak gidatuko du saioa, eta ume eta gazteen transexualitateari buruzko informazioa emango dute. Hala, transexualitate egoeran dauden neska-mutilen bidelagunak izateko prestakuntza emango du elkarteak; gaineratu dutenez, parte hartze ziurtagiria emango dute.
Ekainaren 5ean emango diete amaiera egitarauari, Uhagon kulturgunean. 18:30ean Heterosexualitatea irauliz! hitzaldi tailerra dinamizatuko du Hiruki Larroxa kooperatibak: “Heterosexualitatea ez da soilik desira bat, baizik eta gure gizartea eta harremanak egituratzen dituen eredu bat. Tailer honetan, gure desira, genero adierazpena eta harreman afektiboak zalantzan jarriko ditugu, eta alternatibak aztertuko ditugu ikuspegi kolektibo eta askatzaile batetik”.
Egitaraua.
- Maiatzak 28.
- 19:00. Zinegoak jaialdia, Esperantza aretoan.
- Maiatzak 29.
- 18:30. Haur eta gazteen transexualitateari buruzko formazioa, kultur aretoan, Naizen elkartearen eskutik.
- Ekainak 5.
- 18:30. Heterosexualitatea irauliz! hitzaldia eta tailerra, Uhagon kulturgunean, Hiruki Larroxa kooperatibak dinamizatuta.