Tomate ikastaroak 20 partaide elkartu ditu Usotegin
Lekitto Bedarrak antolatutako ikastaroan "oso gustura" egon dira partaideak. Hurrengo tailerra ekainaren 21ean izango da, eta Bermikonpost tailerra eta saltsa pikanteen dastaketa egingo dituzte. Izena eman behar da ekainaren 19a baino lehen.

Joan den barikuan [maiatzak 23] ortuaren inguruan elkartu ziren lekeitiarrak. Lekitto Bedarra taldearen ekimenez, tomaketa landaketa ikastaroagaz gozatzeko aukera eduki zuten 20 partaideek.
Imanol Barainka taldeko kideak eman zuen tailerra, eta antolatzaileen esanetan, partaideek “oso adi” jarraitu zituzten Barainkaren azalpenak. Lekeitiarrak ez ezik, Markina-Xemein, Ondarroa, Mendexa eta Bilboko herritarrek ere parte hartu zuten: “Jardunaldia ordu eta erdi luzatu zen partaideek hainbat galdera eta ekarpen egin zituztelako. Oso gustura egon ziren”. Tailerra amaitzerako, Lekitto Bedarrako kideek tomate punta luzeen landareak oparitu zizkieten partaideei.
Hurrengo ikastaroaren berri emateko ere aprobetxatu zuten. Ekainaren 21ean ipini dute hurrengo hitzordua, 10:00etan, ohi bezala, Lekeitioko Usotegi Herritarren Ortuan (euria ari badu Azkue Natura Ikastolan elkartuko dira). Bermikonpost tailerra eta saltsa pikanteen dastaketa egingo dituzte, Urtzi Vera bilbotar konpost adituaren eskutik. Antolatzaileek azaldu dutenez, hiru saltsa pikante mota egiten ditu Verak Cervus izenagaz, eta “oso arrakasta handia” lortzen ari da: “Uste dugu bi gauza horiek konbinatuta ekintza oso arrakastatsua izan daitekeela”. Tailerrean parte hartzeko izena eman behar da ekainaren 19a 605 77 54 45 telefonora idatziz (10 euro).