Amorotoko jaietako erasoen aurkako protokoloaren aurkezpenak "erantzun ona" eduki du
Amorotoko Udalak jaietara begira erasoen aurkako protokoloa landu du, herriko emakumeen taldearekin eta kanpoko enpresa batekin batera. Oletako jaietan ipiniko dute martxan protokoloa.

Amorotoko jaietan azken urteetan puntu morea egon den arren, Amorotoko Udalak erasoen aurkako protokoloa lantzea erabaki du. Hala, joan den eguenean [maiatzak 22] aurkeztu zuten udalak eta herriko emakumeen taldeak landu zuten protokoloa, kanpoko enpresa baten gidaritzapean. Protokoloaren aurkezpenak “erantzun ona” eduki zuen herritarren artean.
Azaldu dutenez, protokolo landuagoa egiteko beharra iazko jaietan sumatu zuten: “Iazko jaietako gertaera batzuen berri izan genuen jaien ostean, eta horrekin arduratuta geratu ginen, ze, puntu moreara ez zen horren berririk heldu. Horregatik, protokolo serioago baten beharra ikusi genuen. Orain arte emakumeen taldeak puntu morea ipini izan du, baina ez da idatzizko lanketa ofizialik egin”.
Hala, lanketa egiteko dirulaguntza jaso dute, eta behin protokoloa amaituta, herriko eragile eta norbanakoei aurkeztu diete. Udalaren aurreikuspenak gainditu zituzten herritarrek: “Egia esan, jende pila bat etorri zen aurkezpenera, guk uste genuena baino gehiago. Herriaren errepresentazio guztia egon zela esango genuke. Gutxi gara, eta nahiko jende elkartu zen”. Elkartu ez ezik, protokoloa ezagutu eta iritziak elkarbanatzeko tartea ere hartu zuten: “Nahikotxo parte hartu zuten herritarrek. Zalantza batzuk agertu ziren, eta batzuetarako guk ere ez geneukanez erantzun argitik, lanketagaz jarraituko dugu jaietara begira”.
Zalantzak eta iritziak tarteko, herritarrak ados agertu ziren protokoloarekin: “Jendeari ez zaio gustatzen herrian ezer txarrik gertatzea. Gainera, gutxi gara eta jende asko etortzen da, eta kontziente gara hori babesten ahalegindu behar garela ezer ez gertatzeko”. Ildo beretik, bereziki azpimarratu nahi izan dute erasoen aurkako protokoloa ez dela soilik barra barruan edo puntu morean daudenek jarraitu beharrekoa: “Barra barruan edo puntu morean daudenez gain, kanpoan gaudenok ere adi egon behar dugu zerbait ikusi edo susmoren bat edukiz gero ondo jokatu ahal izateko. Ze, askotan erasotua ez da joango laguntza eske guk nahi dugun tokira, eta beraz, herritar denok gara laguntzaile, eta laguntza behar duen edonor laguntzeko prest egon behar gara. Edozein eraso, edozein pertsona… uste duguna baino askoz zabalagoa izan behar da”.
Aurrera begira. Protokoloa Oletako jaietan ipiniko dute martxan, eta Amorotoko San Martin jaietan ere egongo da. Horren ostean, oraindik guztiz erabakita ez badute ere, kontzientziazio lanetan jarraitzeko asmoa erakutsi dute udal ordezkariek: “Ez dakigu ze formatan, baina behin jaiak pasatu ostean egokia izan daiteke herritarrekin elkartu eta balorazio bat egitea. Hobetu ditzakegunak, egoera bakoitzean zelan jokatu den jaso, errepaso bat egin… oraindik ez dakigu ziur zelan egingo dugun, baina datorren urtera begira kontzientziazio lanetan jarraitu nahi dugu”.