Donostiarra, Mutrikuko uren jabe
Donostiarrak irabazi du zapatuko [maiatzak24] Mutrikuko 24. Bandera traineru estropada, Orioren eta Zierbenaren aurretik.

Donostiarra izan zen indartsuena iragan zapatuan [maiatzak 24] Mutrikuko uretan. Oriori eta Zierbenari aurrea hartuta, donostiar eskifaia gailendu zen Mutrikuko 24. Bandera traineru estropadan. Goiz osoko arraun egitaraua bete-betea eduki zuten ikusgarri arraunzaleek: 11:00etan, txanda bitan banatutako erlojupeko estropadarekin abiatu zuten programazioa. Lehen txandan, Larraun Kostak egin zuen denborarik onena, 20.01,41ekoa; Arkotek 21.03,07koa lortu zuen; Hibaikak, 21.07,03koa; Busturialdeak, berriz, 22.02,99ko denbora. Bigarren txandan, Zarautz izan zen bizkorrena, 20.40,93ko denbora eginda; Zumaia Telmo Deun A.E. izan zen bigarrena, 20.54,06ko denborarekin; jarraian sailkatu ziren, hurrenez hurren, Itsasoko Ama (20.55,13) eta Sanpedrotarra (20.59,59).
Ondoren, tanda erregular bi lehiatu zituzten, sailkapena zehazteko balio izan zutenak. Lehendabizikoan, Getaria izan zen bizkorrena (20.14,06), Isuntzaren (20.31,57), San Juanen (20.32,35) eta Ondarroaren (20.44,28) aurretik. Bigarrenean, aginte makila Donostiarrarena (20.01,41) izan zen. Bigarren sailkatu Oriok 20.10,58ko denbora egin zuen, eta Zierbenak 20.12,63koa; laugarrena Hondarribia 20.18,24.
Azken sailkapena, Donostiarra, Orio eta Zierbena lehen hiru sailkatuen ondoren, honela geratu zen: Getaria, laugarren; Hondarribia, bosgarren; Isuntza, seigarrena; San Juan, zazpigarren; Zarautz, zortzigarren; Ondarroa, bederatzigarren; Zumaia, hamargarren; Itsasoko Ama, hamaikagarren; Larraun Kosta, hamabigarren; Sanpedrotarra, hamahirugarren; Arkote, hamalaugarren; Hibaika, hamabosgarren; eta, azkenik, Busturialdea, hamaseigarren.