Mutrikuko Triatloia, ate joka
Datorren zapatuan [maiatzak 31] egingo dute Mutrikuko Triatloia. Aurten, txirrindularitza trantsizioko ibilbideak zenbait aldaketa edukiko ditu.

Triatletarik onenek Mutrikun edukiko dute hitzordua datorren zapatuan [maiatzak 31]: 11:00etan hasirik, Mutrikuko Triatloia lehiatuko dute. Igerian, bizikletaz eta lasterka bizkorren moldatzen dena gailenduko da, baina parte hartzaile guztiek egiteko gaitza edukiko dute aurre aurre: 750 metro igerian egin beharko dituzte lehenik eta behin, kaiaren inguruan; uretatik aterata, 17 kilometroko txirrindularitza sektoreari helduko diote triatletek; 5 kilometroko lasterkaldiarekin biribilduko dituzte lanak.
Aurten, bizikletaz egiteko ibilbideak aldaketa edukiko duela iragarri dute antolatzaileek. Trafiko arrazoiak tarteko, Olatz auzune ingurutik ariko dira partaideak; era berean, errei bakarretik ibili beharko dira, eta kontu handia eduki beharko dute Kalbarioko jaitsieran. Txirrindutik jaitsi ondoren ekingo diote azken trantsizioari: korrikaldiari.
Internet bidezko aurretiazko izen emate epeak 150 parte hartzaile utzi ditu, eta probaren muga 250 lagunekoa da. Bestalde, kadeteei zuzendutako Super Sprint proba ere egingo dutela aurreratu dute. Dortsalak batzeko, hondartzan kokatutako irteera eta helmuga eremura jo beharko dute parte hartzaileek, 09:00retatik 10:20ra bitarteko tartean; boxeak, aldiz, 10:00etatik 10:35era bitartean egongo dira irakita. Sari banaketa ekitaldia, azkenik, 12:45ean egingo dute. Nahi duenak dutxatzeko aukera edukiko du, helmugatik 300 metrotara egongo den gunean, baina 13:30ak arte eskainiko dute zerbitzu hori.