Omenaldi "xumea bezain hunkigarria", Koldo Arriolari
Jendetza batu zen zapatuan [maiatzak 24] Koldo Arriolari eskainitako herri omenaldian, bere erailetaren 50. urteurrenean. Antolatzaileek "herri memoria eraikitzen jarraitzearen" beharra azpimarratu zuten.

Ondarroako Maskulo Etxearen -lehengo Guardia Zibilen kuartelaren- atarian batu ziren zapatuan [maitzak 24] herritarrak; Koldo Arriolaren erailketaren 50. urteurrenean, Arriolari herri omenaldia egin, memoria eraikitzen jarraitu eta erreparaziorako bitartekoak sortzeko helburuagaz. “Jendetza batu ginen omenaldian, eta xumea bezain hunkigarria izan zen”, adierazi dute antolatzaileek.
1975eko maiatzaren 24an erail zuen Guardia Zibilak Koldo Arriola, 18 urte zituela, eta 2021ean aitortza eta erreparaziorako euskal legearen bitartez, bizitzeko eskubidearen urraketak biktima bezala onartu zuen, 46 urte geroago. “46 urte luzetan hiltzaileen bertsioa izan da ofiziala, eta nahiz eta 2021. urtean biktima gisa aitortu, hiltzaileen inpunitateak bere horretan jarraitu du. Gaur gaurkoz, oraindik, Ondarroako Erregistro Zibileko dokumentuan bihotzeko traumatismo baten ondorioz hil zela jartzen du, eta hori gezurra da; izan ere, tiro eman baitzion Guardia Zibilak, eskuan daukan zuloan ikusi daiteke hori”.
Itoiz taldeak Koldo Arriolari eskainitako hilzori abestiarekin eman zioten hasiera omenaldiari, eta ondoren, EITBko Ur Handitan saioko Arriolari buruzko pasartea proiektatu zuten; bertan agertzen dira Arriolaren senide eta ikaskideak. Ondoren, Olatz eta Aiza bikote ondarrutarrak Katamaloren Berriz min hau abestia kantatu zuten. “Irakurketa politikoa lau haizetara zabaldu ostean, agurrarekin eta lore eskaintzarekin eman genion amaiera omenaldiari”.
Egindako lanaren aitortza. Omenaldian bertan, antolatzaileek, Koldo Arriolaren familia eta herritarrek egindako isilpeko lana bistaratu nahi izan zuten: “Egia azaleratzeko sekulako lana egin dute urte hauetan guztietan: Dokumentuak batu, landu, ikertu, elkarrizketak egin… Imanol Oruemazagak Arriolari buruz idatzitako liburua ere aipatzekoa da. Egindako lanaren ondorioz dakigu gaur egun zer gertatu zen 1975eko maiatzaren 24an. Finean, memoria lantzen ibili diren guztien lana eskertu nahi genuen”. Hala, antolatzaileek “bizikidetza demokratikorako” lanean jarraituko dutela azpimarratu dute: “Oraindik bide luzea dugu aurretik, baina horrek eskatzen duen aitortza, memoriaren eraikuntza, justizia eta erreparaziorako bidea egiten jarraituko dugu”.