Quincoces gozotegiko langileek sei greba egun deitu dituzte
Domekan [maiatzak 25] egin zuten lehenengo greba; egoera aldatu ezean, ekaineko domeka guztietan egingo dituzte grebak. Salatu dutenez, 2023tik euren soldatak kobratzeko arazoekin dabiltza; besteren artean, apirileko nomina kobratu barik daude.

Mendexako Quincoces gozotegiko langileek salatu dutenez, 2023tik euren soldatak ordaintzeko arazoekin dabiltza. Hori horrela, sei greba egun deitu dituzte; lehenengoa domekan [maiatzak 25] egin zuten Lekeitioko Eskolapean. Adierazi dutenez, zorrak ordaintzeko epe zehatzak ipini eta horiek betetzen ez dituen bitartean, grebekin jarraituko dute. Hala, hurrengo bost grebak ekaineko domeka guztietan izatea aurreikusten dute.
Azaldu dutenez, 2023ko eta 2024ko soldata batzuk epaitegian erreklamatu behar izan dituzte, baina, horrek ere ez die ziurtatzen kobratu egingo dituztenik: “Duela hiru urte enpresan eskualdaketa eman zen, orduko jabea jubilatu egin zelako, eta ia hasieratik hasi ziren arazoak”. Era berean, kobratzen dituzten soldatak atzeratuta ordaintzen dizkietela salatu dute; martxoko aparteko ordainsaria, esaterako, maiatza erdialdera kobratu zuten, eta martxoko nomina, joan den astean. Gaineratu dutenez, apirileko nomina kobratu barik daude, eta laster maiatzekoa kobratu beharko luketen arren, ez dakite noiz kobratuko duten.
“Bitartean, lanean jarraitzen dugu. Gure betebeharrak betetzera behartuak, gure eskubideak urratzen diren bitartean”, adierazi dute Quincoceseko langileek. Egoerari aurre egiteko asmoz, azken asteetan “greben mehatxua” mahai gainean ipini dute langileek, eta enpresagaz negoziatzen aritu dira: “Aurrerapausu batzuk eman eta ordainketa konpromiso batzuk hartu arren, agindutakoaren zati bat ez zuten bete”. Hala, bihar [maiatzak 28] bilduko dira enpresagaz, “konpromiso zehatzak” hartu eta horiek betetzen joateko eskatzeko.