"Sekulako giroa" egon da Burrundada Egunean
Antolatzaileek aurtengo egunaren balorazio "oso positiboa" egin dute. Goizean, arratsaldean nahiz gauean, jende ugari joan zen kontzertuak ikustera.

Asetuta geratu dira rock zaleak, eta ez edozelan, gainera. Burrundada Musika Elkartekoek laugarrenez antolatu zuten Burrundada Eguna, zapaturako [maiatzak 24], eta balorazio “oso-oso positiboa” egin dute. Goizean, arratsaldean nahiz gauean, jende ugari elkartu zen Lekeition rock doinuak entzuteko asmoz.
Eguna udaletxe aurrean hasi zuten. Musikaia Musika Eskolakoekin elkartu, eta bertako gaztetxoen txanda izan zen: “Musika eskolarekin egin dugun aliantzak oso-oso ondo funtzionatu zuen. Pila bat jende egon zen udaletxe aurrean gazteen kontzertua ikusten”. Horren ostean, Lekeitio 700 egitasmoari keinu egin, eta Mikel Laboari omenaldia egin zieten hainbat kantu abestuz: “Oso hunkigarria izan zen, eta hori ere, oso-oso ondo egon zen”.
Bazkalostean, aldiz, gaztetxean ere “pila bat jende” elkartu zuen Beretter eta Horzdunen kontzertuek: “Jende asko elkartu zen gaztetxean, eta adin desberdinetakoak gainera. Betiko jendea bazegoen, baina baita jende gazte asko ere. Kanpoan ere, giro ederra egon zen”. Egunagaz goi-goitik amaitu zuten: “Gauekoa errematea izan zen. Slavers eta Erasoren kontzertuak bikain egon ziren. Sekulako giroa egon zen”.
Jarraitzeko indarrez. “Urtetik urtera indar gehiago ari da hartzen Burrundada Eguna, eta horrek asko pozten gaitu”, adierazi dute antolatzaileek. Halako egun bat antolatzea erraza ez den arren, aitortu dute egindako lan denak merezi izan duela: “Lana da Burrundada Eguna antolatzea, baina herrian ikustea merezi izan duela eta jendeak ondo pasatzen duela, satisfakzio bat da. Egindako lan denak segituan ahazten dira horrela. Urtetik urtera antolatzen jarraitzeko asmoa daukagu. Pozarren gaude aurtengoa dena ondo atera delako”.