'Aldarriak': Esperientzia migratzailearen "muinera" bidaia bat
Lekeition grabatutako 'Aldarriak' dokumentala aurrestreinatuko dute etzi [maiatzak 30] Lekeitioko Ikusgarri zinema aretoan; sarrera librea edukiko du. Emakume migratzaile eta genero disidente diren zortzi emakumeren ahotsak biltzen ditu dokumentalak.

Zortzi ahots elkartu dituzte Juan Esteban Montoya eta Cecilia Muñoz zuzendariek Aldarriak dokumentalean. Lekeition grabatutako zortzi ahots, emakume migratzaileak eta genero disidente diren pertsonenak, eta beste inon egin aurretik, Lekeition bertan aurrestreinatuko dute dokumentala. Barikuan [maiatzak 30] 20:00etan ipini dute hitzordua, Ikusgarri zinema aretoan; sarrera librea izango da aretoa bete arte. Dokumentalaren ostean solasaldia egingo dute zuzendariekin.
Protagonisten kontakizun pertsonalen bitartez, esperientzia migratzailearen “muinera” eroango dute ikuslea: “Eremu seguru batean, ahotsaren bidez, mina, amorrua, beldura, tristura, poza eta gozamena zeharkatzen dituzte. Hitz bakoitza erresistentzia-egintza bihurtzen da, indarrez, determinazioz eta itxaropenez beteta”.
Dokumentala euskaraz eginda dagoen arren, gaztelania eta guarania ere agertzen dira, dokumentalean agertzen direnek hizkuntza horretan hitz egiten dutelako. Zortzi protagonistek euren eguneroko “bizipen, sentimendu eta erresistentziak” partekatuko dituzte ikusleekin, eta “isilarazitako errealitateak” ikusaraziko dituzte, besteren artean, etxebizitza bilatzeko zailtasunak, zaintza lanak, lan baimenak eta nortasunaren bilaketa.
Lekeition grabatu ez ezik, berton ekoitzitakoa ere bada, Lekeitioko Udalaren, Kareaga Ateak enpresaren eta KCD gobernuz kanpoko erakundearen laguntzaz. Proiektu “intimoa, poetikoa eta indartsua” dela aurreratu dute, eta interesa duten denei ikustera joateko gonbidapena luzatu diete: “Oso pozik gaude, eta hori zuekin ospatu nahi dugu. Aldarriak proiektuan parte hartu duzuen guztioi, talde teknikoari, gure gertukoei eta Lekeitioko herriari eskainitako aurrestreinaldi berezi batekin. Une berezia izango da berriz elkartzeko, elkarrekin egindakoa partekatzeko eta lan, gogo eta sormen handiz bizitako prozesu hau modu ederrean ixteko”.