Euskal Ezkontza ospatuko dute zapatuan, Mutrikun
Gure Ametsa Dantza taldearen 60. urteurrenaren harira, Euskal Ezkontza ospatuko dute zapatuan [maiatzak 31], Mutrikun.

Mutrikuko Gure Ametsa Dantza Taldeak 60. urte bete diru aurten, eta horren harira, “zerbait berezia” egin nahian, azkenengo aldiz duela hamasei urte egin zuten Euskal Ezkontza berreskuratuko dute. Zapatuan [maiatzak 31] izango dute hitzordua mutrikuarrek, eta”pozik” daude ekimenak herrian izandako harrerarekin: “Herritarren erantzuna oso ona izan da, espero genuena baino jende gehiagok hartuko du parte Euskal Ezkontzan eta hori oso pozgarria da guretzako”.
10:30ean emango diote hasiera egunari, portuan. Itsasontzien sirena hotsekin eta motor txikien laguntzarekin egingo da ezkon deia, eta jarraian, aguazilen bandoa egongo da, “herritarrek ezkontza egongo dela jakiteko”. Ondoren, 10:45ean Dultzaineroen kalejira hasiko da, eta 11:00etan gonbidatu guztiak Beheko plazan batuko dira: “Ezkontza antzezteko pertsonaia guztiak herritarrak izango dira -Ameriketako izeba eta osabak, bikotearen guraso zein lagunak, idazkaria, jueza-, baita gonbidatu gisa egongo direnak ere, denok izango gara ezkontzaren parte”.
11:30ean kalejira hasiko da Beheko plazan: “Emaztegaiak komentutik irtengo du, idia, gurdia eta gonbidatuekin, eta senargaiak Atxukaletik, gonbidatuekin”. Hala, Beheko plazara joango dira guztiak, eta 12:30ean emango diote hasiera ezkontzari. Ondoren, dantzan egingo dute. 15:00etan bazkarian batuko dira, Egaña frontoian; guztira, 270 lagun. 18:00etan Eingo Erromeria taldeak girotuko du ezkontza. Ixabel Iriondo Ansorregi eta Joxe Miel Arrizabalaga Basterretxea izango dira ezkontideak, eta Ioana eta Iñaki mutrikuarrek antzeztuko dituzte Iriondo eta Arrizabalagaren pertsonaiak.
Gure Ametsa Dantza Taldekoek egunaren aurreikuspen “ona” egin dute: “Giro oso ederra espero dugu. Aspaldiko erromeriak gogoraraziko ditugu, eta etorkizunera begira oroitzapen polita geldituko zaigula uste dugu, bai dantza taldeko kideoi, eta baita herritarrei ere”. Hori horrela, antolakuntzatik eskerrak eman dizkie egunaren parte izango diren guztiei: “Lan asko egin dugu, horrelako ekitaldia antolatzeak hala eskatzen baitu: pertsonaiak aurkitu, arropak aukeratu, idiak, guardia… baina ardurak banatuta ondo konpondu gara. Eskerrak eman nahi dizkiegu egunaren parte izango diren denei, beraiek gabe ez zen posible izango hau guztia antolatzea”.