Gababuseko indarkeria matxistaren aurkako protokoloa aurkeztu dute
Protokoloa iaztik aritu dira lantzen Lea-Artibai Landagarapenerako Alkartea, herrietako udaletako arduradunak, teknikariak eta eskualdeko talde feministetako kideak. Helburua "segurtasuna modu integralean" bermatzea dela adierazi dute.

Urte ugari dira Gababus zerbitzua martxan dagoela Lea-Artibaiko herrietako jaietatik etxera “lagunartean eta modu seguruan” itzultzeko. Eskualdeko udalen ekimenez eta finantzazioagaz, Lea-Artibaiko Landagarapen Alkarteak antolatzen du zerbitzua, eta urtez urte zerbitzua hobetzeko aurrerapausuak eman dituzte. Hala, aurtengo berrikuntza iaztik lantzen aritu diren indarkeria matxistaren aurkako protokoloa da.
“Herriko jaietan, zoritxarrez, gero eta gehiago dira indarkeria matxista kasuak, eta honi aurre egin ahal izateko egiten diren protokoloak”, adierazi dute. Hala, Gababusaren helburua “biztanleak modu seguruan etxeratzeko” denez geroztik, egoerari erantzuna ematea erabaki dute: “Antolatzaileei garrantzitsua iruditu zaie indarkeria matxista egoerak prebenitzea gaueko zerbitzu honetan er. Eta horrelakoren bat gertatuz gero, nola jardun adostea eta zehaztea”. Helburua “segurtasuna modu integralean” bermatzea dela adierazi dute: “Protokoloaren bidez sexu erasoak prebenitu nahi dira eta bestetik, horien aurrean zelan jokatu batzen du, bai erasoa duenaren aldetik, bai garraiolarien aldetik, eta baita antolatzaileen aldetik ere”.
Protokoloa herrietako udaletako arduradunek, teknikariek eta eskualdeko talde feministetako kideek landu dute. Era berean, garraiolari enpresan ere eragin eta sentsibilizatu dute. Protokoloa “prozesu baten emaitza” dela azaldu dute, baina ez da amaitu: “Dokumentu bizia izango da eta aktibatu behar izanak zein bestelako ikaspenek hobekuntzak egitea ahalbidetuko dute”.
Ohi bezala, aurtengoan ere Berriatuko San Gregorio jaietan ipini zuten martxan zerbitzua, eta udako eskualdeko herrietako jaiegun askotan egongo da martxan. Ekainari dagokionez, 14an Oletako jaietatik eta 28an Zapato Azuletik itzultzeko zerbitzuak egongo dira. Data guztiak eta sarrerak www.gababusa.eus web orrian ipini dituzte eskuragarri.