Gizon batek adin txikiko bati egindako erasoa salatu dute Mutrikun
Mutrikuko EMAk elkarretaratzea deitu du barikurako [maiatzak 30]; 19:30ean, Goiko plazan izango da.
Mutrikuko gizon batek adin txikiko bati egindako erasoa salatu du EMAk, eta honen aurrean, elkarretaratzea deitu du barikurako [maiatzak 30]; 19:30ean, Goiko plazan izango da. Hala, “irmoki gaitzetsi eta ozen adierazi” dute, ez dutela inolako indarkeria matxistarik onartuko: “Eraso guztien aurrean izango gaituzue eta argi eta garbi adierazi nahi dugu indarkeria matxistaren aurrean antolatzen jarraituko dugula”.
Horrez gain, erasoa jaso duenaren inguruko “zurrumurruak eteteko” eskaera egin dute: “Erasotuaren inguruko zurrumurruak eteteko eskera egiten dugu, eta fokua erasotzailearengan jartzeko. Kasu honetan are gehiago, erasotua adin txikikoa delako. Nahikoa da!”. Era horretan, eraso guztiak salatzen jarraituko dutela azpimarratu dute: “Autodefentsa feministarako hautua egin eta indarkeria matxista ororekin bukatzeko, kaleak hartzen eta eraso guztiak salatzen jarraituko dugu”.
Gazte Asanbladatik ere erasoa salatu dute, eta EMAk deitutako elkarretaratzera bertaratzeko deia egin dute. Era berean, Lea-Artibaiko Itaiatik indarkeria matxistaren aurka «antolatzen eta borrokatzen» jarraituko dutela adierazi dute, erasoa salatzearekin batera.