Gollebar Jai Alai taldeak antolatuta, lagunarteko kinielak antolatu dituzte datorren domekarako [ekainak 1], 13:30ean hasita, herriko pilotalekuan. Herriko gazteek Markina-Xemeinen entrenatzen dute zestagaz, baima umeek ez; hori dela eta prestatu dute ekimena. Bost bikote antolatu dituzte, herriko neskaz-mutilez osatuta. Banaka jokatuko dute lehenik, bost puntistako talde bitan, eta gero binakako partiduak lehiatuko dituzte.
Gollebar Jai Alaiko lantaldeak azaldu du herriko gurasoen eskariz hasi zirela zortzi eta hamaika urteko bitarteko umeekin entrenatzen, duela urte eta erdi inguru. Gaur-gaurkoz, hamar lagun inguruko taldea aritzen da, “denak oso gustura”. Domekan, kinielez gain, zozketa bereziak ere egingo dituzte: Aritz Erkiaga eta Imanol Lopez puntista profesionalen kamisetak, Kanpapen lagun birentzako menu berezia eta Euskitzeren ardo kofrea.