Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki lelopean batuko dira euskal herritarrak ekainaren 7an [zapatua] Bilbon, Gure Eskuk deitutako ekimen nazionalari erantzunez. Hala, ekainaren 7ko deialdia indartzea asmo, Bizkaiko deiadar mendietara irteera egingo dute domekan [ekainak 1]; izan ere, Bizkaiko eskualde ezberdinetatik, mendietara igoko dira, tontorretatik deiadarra egiteko. Gure Eskuk parte hartzeko deialdia zabaldu die bizkaitarrei: “Ekainaren 1ean Deiadarra izango da, eta ekainaren 7an herria harrotuko dugu. Pauso bakoitza aldarri bat da”. Lea-Artibai eskualdetik Oizera igoko dira, eta horretarako, 10:00etan, Zengotitan batuko dira.
Oizeko irteeraz gain, Bizkaia osoko mendi tontor “esanguratsuak” aukeratu ditu Gure Eskuk domekan egingo duten deiadarrerako; hain zuzen, Gorbeia, Ganekogorta, Kolitza eta Matxitxakoko gudako oroigarria. 12:00etan mendi tontor guztietan ekitaldia egin eta adarra joko dute, aldi berean.
Ekainaren 7ra bitarteko aurre lanketa prozesuan zenbait ekimen eraman ditu aurrera Gure Eskuk; maila nazionalean zein eskualdeetan. Esaterako, Lekeition, ekitaldia egin zuten maiatzaren 25ean [domeka]; lehenengo, murala margotu zuten, eta ondoren, argazkia atera zuten margotutako muralaren aurrean. Horrez gain, egun berean, Larhun mendira igo eta ikurrina jarri zuten bertan, “Euskal Herria zazpi lurraldez osatutako nazioa dela” aldarrikatzeko. Izan ere, Larhuneko tontorretik Euskal Herriko zazpi lurraldeak ikusi daitezke, eta horregatik, ekimena egiteko “toki aproposa” dela zehaztu zuten: “Toki aproposa da Euskal Herriari begiratzeko, herri libre bat eraikitzeko konpromisoa berresteko eta euskal herritarrei dei egiteko: aktiba gaitezen denok, herritarrok mobilizatzea ezinbestekoa baita nazio honek aurrerapausoak egin ditzan”.
Euskara eta euskal kultura, erdigunean. Euskara eta euskal kulturan ere jarri du fokua Gure Eskuk, eta honen garrantzia azpimarratzen duen adierazpena kaleratu du; momentuz, 144 euskal kulturgilek sinatu duten arren, nahi duenak atxikitzeko aukera duela jakinarazi dute. “Lankidetzaren bidez eta batera arituz hobeto helduko diegu herri erronkei, eta hobeto zainduko ditugu euskara eta euskal kultura”.
Imajinatu libre. Astelehenean [maiatza 26] Imajinatu libre abestia kaleratu zuen Gure Eskuk, bideokliparekin batera, soinu banda berria izateko helburuagaz. Gozategi taldeak sortutako abestia da, eta hitzak, Xabier Sukiarenak dira. Gainera, Sua Enparanda eta Alaitz eta Maiderrek ere parte hartu dute grabaketan.