Markina-Xemeingo hezkuntza publikoari buruzko 130 testigantza, liburu batean bilduta
Markina-Xemeingo Bekobenta eskolaren 50. urteurrenaren baitan, 'Markina-Xemeingo hezkuntza publikoa (1844-2025): hazitik lorera' liburua aurkeztuko dute barikuan [maiatzak 30]. 18:30ean izango da aurkezpena, udaletxeko osoko bilkura aretoan.
Heltzen ari da ikasturte amaiera, eta heltzen ari dira Bekobenta eskolako kideek urte guztian egindako lanen fruituak ere. 50. urteurrena ospatzen ari dira aurten, eta ikasturtean zehar jada hainbat egitasmo antolatu dituzten arren, ikasturtea amaitzeagaz batera hainbat lan aurkeztuko dituzte. Horietako bat izango da Markina-Xemeingo hezkuntza publikoa (1844-2025): hazitik lorera liburua; bihar [maiatzak 30] 18:30ean aurkeztuko dute liburua, udaletxeko osoko bilkura aretoan.
Auzo eskoletatik hasi eta gaur egunera arteko ibilbidea jaso dute liburuan, eta herritar askoren laguntza izan dute bidean: “130 lagunen testigantzak jaso dira; elkarrizketatu nagusiena 1929an jaio zen, eta gazteena, 2006an. 45 lagunek parte hartu dute elkarrizketan egiten, transkripzioak egiten eta orrazten, eta argitalpena idazten”. Hala, denen artean ondutako lana aurkezteko gogoz daude eskola komunitateko kideak.
Liburuan, beraz, Markina-Xemeingo hezkuntza publikoaren bilakaera kontatu dute, hainbat elkarrizketaren bitartez. Bekobentak 1975. urtean zabaldu zituen bere ateak, eta “ospakizun giro” horretatik sortutako lana da: “Gure asmoa izan da 1975. urtetik berrogeita hamar urte inguru atzerako (1925-1975) eta aurrerako (1975-2025) tartearen berri ematea”. Markina-Xemeingo eskola publikoaren bilakaera ez ezik, inguruko herrietako eskola publikoen bilakaera jaso dute, besteren artean, Ziortza-Bolibarrekoa, Aulestikoa eta Munitibarrekoa.
Eskerrak eman nahi izan dizkiete proiektuan parte hartutako denei: “Eskerrak eman nahi dizkiegu aztergai izan ditugun eskolekin lotutako bizipenak kontatu dizkiguten guztiei. Era berean, oso eskertuta gaude proiektu hau aurrera ateratzeko laguntza eskaini diguten guztiekin: elkarrizketak egiten eta transkribatzen jardun dutenekin, transkripzioen orrazketa egin dutenekin, eta abar. Eskerrik asko guztioi, bihotzez”.