Udabirra Festek egun osoko egitaraua dakar Amorotora
Eguerdian txerri pintxoak eta garagardo artisaua emango dituzte. Arratsaldean, ostera, Amorotoko Pala Txapelketako finalak eta Emakume Master Cupeko partida bat jokatuko dituzte.

Azken urteetan baino apur bat beranduago heldu den arren, amorotarrek prest dute dena Udabirra Fest ospatzeko. Zapatuan [maiatzak 31] 13:00etan hasiko da jaia, eta ez du etenik izango gauera arte. Eguna Amorotoko Kultur Taldeak antolatu duen arren, elkarlanean aritu dira Amorotoko Udalagaz, Amorotoko Pilotazaleak taldeagaz eta herritarrekin.
Hala, betiko formulak ondo funtzionatzen duela-eta, aurten berritasun bakar bat gehitu dute, eta arratsaldean Emakume Master Cup txapelketako partida bat ikusteko aukera egongo da: Aldai eta Bergara ariko dira Uriarteren eta Osesen aurka. Emakumezkoen esku pilota “onena” hartuko du Amorotok, eta antolatzaileek bertaratzeko gonbidapena luzatu diete herritar nahiz ingurukoei: “Espero dugu emakumeen pilota profesionalak jende gehiago erakartzea herrira, eta perfil desberdinengana heltzea”.
Aurretik baina, herritar nahiz ingurukoek asko estimatzen duten txerri pintxoak emango dituzte. Edana ere ez da faltako, izan ere, azken urteetan bezala, garagardo tailerrean egindako garagardoak egongo dira salgai.
Pala finalak. Eguneko beste protagonistetako batzuk, pala txapelketako finalak jokatuko dituztenak izango dira: “Urtero egiten da pala txapelketa Amoroton, eta finalak Udabirra Festerako programatzen dira”. Amorotoko Pilotazaleek antolatu dute txapelketa, eta aurten guztira 33 bikotek parte hartu dute.

Jonpuk eta Epermendik finalaurrekoan Txirtu eta Undaren aurka jokatu zuten.Amorotoko pilotazaleak
Bi mailatan jokatu dituzte partidak. Bigarren mailan 25 bikote aritu dira, eta lehenengo mailan, zortzi: “Amorotoko jokalariez gain, inguruko herrietatik ere etorri dira, adibidez, Lekeitiotik, Ondarroatik eta Munitibarretik. Urrunagotik ere etorri dira, esaterako, Eibarretik eta Gautegiz Arteagatik. Bigarren mailan bikote asko egon dira, ohi baino gehiago”. Antolatzaileek aurtengo txapelketaren balorazio ona egin dute: “Maila nahiko handia egon da, onenetik azken sailkatura desberdintasun handia egon den arren. Hala ere, ondo joan da txapelketa”.
Hala, bigarren mailan bi bikote ondarrutarrek jokatuko dute: Txirloi anaiak ariko dira Iriondoren eta Ormaren aurka. “Partida estua espero dugu, ze, bigarren mailan finalera heldu diren bi bikoteak jokatutako partida denak irabazita heldu dira. Partida gogorra izango dela aurreikusten dugu”, adierazi dute antolatzaileek. Lehenengo mailan, ostera, Jonpu eta Epermendi bikoteak (iazko txapeldunak) jokatuko du Liherren eta Zugadiren aurka: “Liherrek Ibanekin jokatu behar zuen, baina lesionatuta dago, eta beraz, Zugadi munitibartarrak jokatuko du haren partez. Faboritoak Jonpu eta Epermendi diren arren, partida nahiko gogorra espero dugu”. Aurtengo txapelketaren balorazio ona eginda, finalari ere halako amaiera ematea espero dute: “Ondo joan da txapelketa, eta espero dugu finala ere hala amaitzea”.
Pala partiden ostean, Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña trikitilariek girotuko dute iluntzea.
Maiatzak 31, zapatua.
- 13:00etatik aurrera. Txerri pintxoak eta garagardo eskaintza zabala, baita Amorotoko artisau garagardoa ere.
- 16:00. Amorotoko Pala Txapelketako bigarren mailako finala.
- Ondoren. Emakume Master Cup.
- Ostean. Amorotoko Pala Txapelketako lehenengo mailako finala.
- 20:30. Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña trikitilariak.