Bizkaiko Bertsolari Txapelketara sailkatu dira Lurdes Ondaro eta Garazi Navarro
Txapelketa handian egoteko puntuak Udaberria Bertsotan fasean lortu dituzte, atzo (maiatzak 29) azken saioak lehiatuz. Plentzian eta Gautegiz Arteagan aritu ziren bertsolariak, eta Lurdes Ondaro munitibartarra eta Peru Vidal plentziarra izan ziren onenak, hurrenez hurren.

Lurdes Ondaro eta Garazi Navarro. Horiek dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketara Udaberria Bertsotan sailkapen fasetik sailkatu diren Lea-Artibaiko bi bertsolariak. Hala, txapelketako lehen fasean kantatuko dute, eta fase horretan hasteko aukera izango dute 2023ko txapelketan finalaurrekoetan abestu zutenek.
Txapelketa handian egoteko puntuak Udaberria Bertsotan fasean lortu dituzte, eta atzo (maiatzak 29) lehiatu zituzten azken saioak. Plentzian eta Gautegiz Arteagan aritu ziren bertsolariak, eta Lurdes Ondaro munitibartarra eta Peru Vidal plentziarra izan ziren onenak, hurrenez hurren.
Plentziako saioan, Ondaro munitibartarra nagusitu zen, 181,5 puntugaz saioa amaituta. Muñiz izan zen bigarrena, irabazlearengatik puntu bakarrera geratuta: 180,5 puntu eskuratu zituen. Sailkapenean hurrengoek puntu gutxiago eskuratu zituzten, hirugarren sailkatu zen Naroa Rorralbak 167,5 puntu eskuratu baitzituen, eta puntu erdi gutxiago Peru Irastortzak. Ander Anakabe izan zen bigsarrena, 164,5 puntu bilduta, eta 149,5 lortu zituen Naroa Jaiok.
Saio horretan Jon Amezaga aritu zen gaiak ematen, eta Garazi Mendozak, Leire Etxebarriak eta Marta Ortizek osatu zuten epaimahaia. Idazkari beharrean, aldiz, Itxaro Juaristi aritu zen.

Peru Vidal Gautegiz Arteagako saioan abesten.Bizkaiko Bertsozale Elkartea
Gautegiz Arteagako saioan Vidal gailendu zen 186,5 puntu eskuratuta. Haren atzetik sailkatu zen Retolaza busturiarra, hirugarren izan zen Igor Galarzagaz puntuetan berdinduta: 158,5 lortu zituzten biek ala biek. Haizea Telleria izan zen laugarrena, 146,5 puntugaz, eta gertutik jarraitu zion Mikel Aiartzaguenak, Telleriak baino puntu bakar bat gutxiago bildu baitzuen: 145,5. Bittor Salterain ere hurbil ibili zen, 143,5 puntu lortuta.
Gautegiz Arteagako saioan Idoia Anzorandia aritu zen gaiak jartzen, eta epaimahaia Ander Txakartegik, Mirari Azulak eta Miriam Juaristik osatu zuten. Idazkari beharrean, Itziar Basterretxea aritu zen.