Markina BHIk ‘Egin eta ekin’ lehiaketako negozio planen lehen saria lortu du
DBH 3. eta 4. mailako ikasleek jaso zuten atzo [maiatzak 29] saria Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik.

Atzo [maiatzak 29] egin zuten Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleen artean kultura ekintzailea sustatzeko bultzatutako 17. Egin eta Ekin prestakuntza programaren sari banaketa.
Guztira 39 ikastetxetako (22 publiko eta 17 itunpeko) 1.464 ikaslek parte hartu dute, 74 taldetan lan eginez eta berrikuntza, jasangarritasuna eta eragin soziala uztartzen dituzten proiektuak garatuz. Ainara Basurko, Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak esan du aldundian “zuen onena emanez hemen hazteko, ikasteko eta geratzeko aukera izan dezazuen” egiten dutela lan.
Proiektu irabazleek aplikazio teknologikoak eta gizarte eta ingurumen inpaktuko irtenbideak hartzen dituzte barne. Negozio Planetan, DBHko 3. eta 4. mailako kategorian, Markina BHIk irabazi du, baratze bertikal adimendunen Ecogarden proiektuagaz.
“Programa honen bidez Bizkaiko Foru Aldundiak bokazio ekintzaileak piztu nahi ditu txikitatik, funtsezko konpetentzia pertsonalak bultzatuz, hala nola lidergoa, pentsamendu kritikoa, erabakiak hartzea edo talde-lana”. Ikasturtean zehar ikasleek tailer, dinamika, hitzaldi eta bisitetan parte hartzen dute Bizkaiko enpresen errealitatea ezagutzeko.
Gainera, aurten, Ekonomia Sustatzeko Sailak gida bat argitaratu du parte hartu duten ikasleen familientzat, etxetik ere ekintzailetza sustatzeko. GEM azken txostenak adierazten duen bezala, euskal ekosistemak egiturazko indarguneak ditu —kalitatezko azpiegiturak, genero oreka eta babesa emateko programak—, baina derrigorrez aurrera egin behar du hezkuntza ekintzailean. Bizkai, Araba eta Gipuzkoa Europako sailkapeneko laugarren postuan dago ekiteko baldintzei dagokienez, baina oraindik ere oztopoak daude, “adibidez porrotaren beldurra edo gazteen parte-hartze eskasa”. Egin eta Ekin ekimenak eta familia-gida berri honek, hain zuzen ere, erronka horri erantzuten diote: ikasgelatik eta etxetik ideiak aukera erreal bihurtzeko gai den jarrera ekintzailea lantzea.