Oholtzarako bertigoa aliatu onekin gainditzen
Euskara eta feminismoa ardatz hartuta, 11barrik andrazko esanguratsuen biografiak jasotzen dihardu, horiek hainbat diziplinatan gizarteari egiten ari diren ekarpenari ikusgarritasuna emateko helburuz. Ikus sarrera guztiak 11barriren webguneko 'Testuen bankua' atalean.

Nerea Gartzia Gartzia (Ondarroa, 1976) artista da. Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastolan eta institutuan ikasi ostean, eta batean eta bestean lehenengo saioak egin eta gero, antzerki eskolak jaso zituen, eta umetatik antzerkirako zekarren bokazioari hauspoa eman. Beranduago, eten bat etorri zen: kide batzuek Madrilerako hartu zuten bidea ez zuen aukeratu berak. «Nik ez nuen Madrilera joan nahi izan. Jarraiko kide nintzen, eta gustura nengoen berton», azaldu du.
Antzerkiak diru sarrerarik bermatzen ez zionez, Eika lantegian hasi zen lanean. Bi urte egin zituen han, eta haurdun geratu eta gero, utzi egin zuen. Ez zen geldi egon, ordea, erizain laguntzaile ikasten hasi zen eta. Nahiz eta ikuskizun munduan bete-bete sartu barik egon, Txomin L. Aramaiorekin ikuskizunak egiten hasi zen: Elepunto eta PuntoG deitzen zen osatu zuten bikotea. «Momentu gako batzuetan, Txomin lagun oso ona izan da ikuskizun mundura bueltatzeko. Bikote ona egin izan dugu, jaietako txosnen zabalkundean, adibidez», gogorarazi du. Eta horrek beste gogoeta batera eraman du. «Egia esan, proposamenak jaso izan ditudanean, bertigoa bai sentitu dut, baina ez horrenbeste, ze beti eduki izan ditut aliatu onak».
Bigarren umeaz erditu ostean, ikastolako dantza eskola batzuetan sorkuntzarako gogoa piztu zitzaion berriro, eta Binahi antzerki eta ikus-entzunezkoen ekoiztetxean ikasten eta mundu horretan saioak egiten hasi zen. Tarte horretan, Irrien Lagunak-erako elkarrizketatu zuten —Pirritx, Porrotx eta MariMotots pailazoen inguruan sortutako enpresa—. «Momentu horretan, gainera, batetik, Ibilaldiaren prestaketan genbiltzan Zubi Zahar Herri Ikastolan, eta bestetik, hauteskundeak tartean izanda, eta ezker abertzalea legez kanpo zegoelarik, horren aldeko lipduba prestatzen, Nekane Akarregi artista ondarrutarraren proposamenez —Beste kamikazada bat —. Ibai Muñiz ere batu zitzaigun». Azken horrekin, proiektu batean murgilduta zebilen: Galiziatik Ondarroara etorritakoen lekukotzak jasotzen ikus-entzunezko baterako. «Neu galiziarren ondorengoa izanik, parte hartzea proposatu, eta horretan ere aritu ginen», dio.
Irrien Lagunak-en Marikalanbre pertsonaia gorpuzteko hartu zuten Gartzia, eta berarekin Euskal Herrian txokorik txoko egin zituen hamabi urte. Azkeneko urteetan, Eneko Arrate artista markinarrak eta biek Herribixi sortu zuten, antzeman zutelako bazegoela sorkuntza tokian tokian indartzeko premia. «Ikusten genuen gure lana suak piztea izan behar zela, alegia, hazia botatzea. Horretarako, eskolak eman genituen Lea-Artibain. Horrez gain, besteak beste, ondare jardunaldietan parte hartu izan dugu edo Euskararen eupadi ikastetxeen arteko lehiaketa antolatu».
Pandemia garaia aliantza berriak egiteko baliatu zuen Gartziak. Herriko aktoreak batu eta bakarrizketak edo piezak prestatu zituzten, sare sozialen bidez etxeetara heltzeko, eta hor Ainhoa Etxebarria ondarrutarrarekin bat egin zuen. Altxatune, Eneko Arrate, Andoni Gartzia, Etxebarria eta bera batu, eta Leartibain, kultura erain proiektuari forma eman zioten. Taldearen dinamikari dagokionez, emakume biek lantzen dute hasierako hazia, eta taldera pasa.
Etxebarria aipatuta, hauxe esan du: «17 urteko aldea daukagu, eta aukeratu dugun lanbide honetan egoera berdinak bizi izan ditugu». Horri eutsita, Bibitxa sortu zuten. Gartziak dio emakume modura bazterketa sufritu dutela eta bigarren planoan sentitu izan direla sarri. «Eneko eta biok ibili izan garenetan, normalena izaten zen leku batera heldu eta kontratatzailea berarengana joatea, alegia, bera izatea erreferentzia, nahiz eta kontratazioa nirekin lotuta egon. Eta hori bai hasieratik markatu nahi izan genuen Enekok eta biok: harremanetarako neu izatea aurpegia edo erreferentzia eta ez bera. Ez da kasualitatea. Izan ere, lan asko kontzientziatik egin izan ditugu. kontuan hartu behar da Irrien Lagunak-etik gatozela, eta hor feminismoaren oinarriak landu ditugu».
Ideia bat bestearekin kateatuta, iruzurgilearen sindromeaz oroitu da. «Ziur ez sentitzea. Beldurrak. Emakume modura epaitua izateko dauzkazun beldurrak, batez ere pertsonaia batzuk karakterizatzean, badakizulako batzuek zelan begiratzen zaituzten», zehaztu du.
“Bibitxa proiektuan, emakumea eta umorea lotzen ari gara”
Etxebarriarekin egiten duen tandemaz hitz egin du. «Bibitxan aske sentitzen gara. Emakumea eta umorea lotzen ari gara, lotura hori zelan egin arakatzen, gure euskalkiarekin jokatuta, umorerako oso baliogarria zaigulako». Ondarrutarraren esanetan, eredu oso gutxi daude Euskal Herrian umorearen munduan, eta daudenak oso maskulinoak dira. Elkarlan horretan, esperientzia ederrak bizi izan dituzte, Zaballako kartzelako emakume presoekin egon zirenekoa, kasu: «Umorea egin genuen presoen inguruan, eta hori ere erronka handia zen».
Elkarlanaren azken emaitza izan da Bilboko Pabellon 6eko Antzerki Arinen Jardunaldietako 2025eko Kriseilu saria. Artista bien Hil da jainkosa antzezlanak eta Ugaitz Alegriak Getari Etxegarairekin batera antzeztutako Destiny Driver piezak Kriselu Saria lortu dute, ex aequo.
Artista ez ezik, komertziala ere bada Gartzia. Besteak beste, Tinko euskara elkartean Euskara zinema aretoetara programako emanaldiak lotzen dihardu. Aparteko jardueren artean, Ondarroako Andrak Erramutan taldeko kide da. «Erronka handia, ze erramutan ikasi behar genuen, dena lortu behar genuen, eta 45 urtetik gorako emakumeak gara, hau da, ikusezinak. 37 emakume, bakoitza bere historiarekin, bere pentsaera eta koloreekin. Oso gustura nago, antzeko sasoiko emakumeekin bizipenak partekatzen, gorputz desberdinetik, lehiak albo batera utzita, kirolaz gozatzen, ikasten eta ahalduntzen. Eta elkarrekin bakoitzaren lotsak eta autoepaiak jausten ikustea lorpen oso handia izan da. Atsegin handia: kolektiboa eta pertsonala. Gauza ederra da jabetzea besteek ere norbere laguntzarekin horma batzuk apurtu dituztela. Horrelakoetan, Madrilgo ikasketekin gogoratzen naiz, asko eztabaidatzen genuelako horren inguruan teatro foro sozialean, hots, zer den kolektiboa eta zer indibiduala».
Asmo berriak dituzte esku artean emakume arraunlariek. Eta aurreratzen du: «Orain portua okupatzera goaz. Eta ederra litzateke atzetik beste emakume batzuei lekua egitea edo elkarrekin gauzak partekatzea».