Udabirra Fest ospakizunean murgilduta dabiltza amorotarrak
13:00etan eman diote hasiera jaiari, Amorotoko frontoian. Amorotoko Kultur Taldeak antolatutako eguna da gaurkoa, eta Amorotoko Udalagaz, Pilotazaleak taldeagaz eta herritarrekin elkarlanean antolatu dute.

Amorotoko frontoian batu dira gaurkoan [maiatzak 31] ume zein heldu, aurtengo Udabirra fest eguna ospatzeko. Amorotoko Kultur Taldeak antolatu du jaia, Amorotoko Udalagaz, Amorotoko Pilotazaleak taldeagaz eta herritarrekin elkarlanean.
13:00etan eman diote hasiera egunari. Bertaratu direnek txerri pintxoak eta garagardo tailerrean egindako garagardoa dastatzeko aukera izan dute. Musikagaz frontoia girotu dute amorotarrek eta “giro ederra” sortu dute bertan.
Ondoren, palak eta pilotak hartu dute protagonismoa Amoroton; izan ere, 16:00etan Amorotoko Pala Txapelketako bigarren mailako finala egon da, eta ondoren, berritasun gisa, Emakumeen Master Cup txapelketako partida ikusteko aukera izan dute bertaratuek. Alai eta Bergara Uriarte eta Osesen aurka aritu dira.
Pala Txapelketa urteroko tradizioa bihurtu da Udabirra fest ospakizunean, egun honetan jokatzen baitira txapelketako finalak. Amorotoko Pilotazaleek antolatutako txapelketa honetan 33 bikotek hartu dute parte guztira. “Amorotoko jokalariez gain, inguruko herrietatik ere etorri dira, adibidez Lekeitiotik, Ondarroatik eta Munitibarretik. Baita urrunagotik ere, besteak beste; Eibar eta Gautegiz Arteaga”.
Egunari amaiera emateko helburuagaz, pala partiden ostean, Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña trikitilaria arituko dira herria girotzen, 20:30ean hasita.
























