60 lan eskaintza baino gehiago egongo dira Lea-Artibaiko Enplegu Azokan
Leartibai Fundazioak Bizkaia Gazteak Lea-Artibai programaren baitan antolatu du azoka. Barikuan [ekainak 6] egingo dute, 10:00etatik 13:00etara Markina-Xemeingo Lea-Artibai Berrikuntza Gunean.
Leartibai Fundazioak barikuan [ekainak 6] egingo du aurtengo Lea-Artibaiko Enplegu Azoka. Bizkaia Gazteak Lea-Artibai ekimenaren baitan, 10:00etatik 13:00etara 60 lan eskaintza baino gehiago hartuko ditu Markina-Xemeingo Berrikuntza Guneak.
Fundaziotik azaldu dutenez, helburua Lea-Artibaiko gazteen laneratzea eta enplegagarritasuna sustatzea da: “Horretarako, azoka formatu batean planteatuta, gazteek euren kurrikulumak enpresei eskura emateko aukera izango dute, eta baita aurrez aurre enpresekin harremanetan jartzeko aukera ere”. Hala, aurten eskualdeko nahiz inguruko hemezortzi enpresa eta erakundek parte hartuko dute: “Bakoitzak bere postua edukiko du, eta gazteei laneratzeko dituzten aukerak aurkeztu eta lan poltsa ezberdinetan sartzeko aukera eskainiko zaie”.
Guztira 60 eskaintzatik gora egongo dira, lanerako nahiz praktikaldietarako. Hala, besteren artean, honako lan eskaintza hauek egongo dira: mantenu teknikariak, administrariak, muntaia adituak, biltegirako langileak, marketing profilak, komertzialak, magisteritza tituludunak, produkzio langileak, proiektu buruak, logistika langileak, zibersegurtasun teknikariak, ingeniariak, laborategi disenatzaileak. Enpresen artean daude Burdinola, Cikautxo, Eika, Eze Barrizar, Fagor Arrasate, Kide, Itsaskorda, Kautenik, Laboral Kutxa, Lantegi Batuak, Lanbide, Leartiker, Lea Artibai Ikastetxea, Maier, Nemak, Novia Salcedo Fundacioa eta Orbeak.
Era berean, Leartibai Fundazioa ere bertan izango da eskualdeko merkataritza, turismo eta ostalaritzan lan egin nahi duten gazteen kurrikulumak jasotzen.