Aretoa goraino bete dute hezkuntza publikoaren bilakaera ezagutzeko
Markina-Xemeingo Bekobenta eskolaren 50. urteurrenaren harira, 'Markina-Xemeingo hezkuntza publikoa (1844-2025): hazitik lorera' liburua aurkeztu dute osoko bilkura aretoan. Aurkezpena "oso hunkigarria" izan dela adierazi dute Bekobentako kideek.

Jende ugari elkartu zuen barikuan [maiatzak 30] Bekobenta eskolak 50. urteurrenaren harira egindako Markina-Xemeingo hezkuntza publikoa (1844-2025): hazitik lorera liburuaren aurkezpenak. 130 testigantza bildu dituzte liburuan lanean aritu diren 45 lagunek, eta horien ordezkaritza zabala egon zen barikuan Markina-Xemeingo osoko bilkura aretoan. Bekobentako kideek ekitaldia ondo joan zela adierazi dute: “Oso hunkigarria izan da, eta areto dena bete da”.
Bertan izan zen, besteren artean, Iratxe Lasa Arana Markina-Xemeingo alkatea ere: “Horrenbeste jende ez da egon osoko bilkura aretoan inoiz, eta hunkigarria da. Duela urtebete, Bekobenta eskolako hezkuntza komunitatea amesten hasi zen 50. urteurrena zetorrela-eta. Zerbait egiteko asmotan, gauza txikia izango zelakoan, urtebete beranduago gauza txiki hori handi bihurtu da. Eta liburu batean atzera begiratu eta 50 urte barik, 100 urte egin ditugu atzera”. Hezkuntza publikoak Markina-Xemeinen egindako ibilbidea “gozoa” izan ez den arren, Lasak “emankorra” izan dela adierazi zuen: “1844an ereindako hazia orain loratan ikusten dugu”.
Hala, historia eta memoria berreskuratzeko egindako lana goraipatu zuen Lasak: “Proiektu hau memoria kolektiboa lantzeko proiektua izan da, denon memoria berreskuratu eta datozenei transmititzeko. Alkate moduan eskerrak eman memoria hori berreskuratzeko denon artean egin dugun lanagatik”.