Hiru pertsona atxilotu dituzte Ondarroan, lokal baten lapurreta egiteagatik
Arrigorri hondartzako udal biltegiko atea behartu eta lapurretan aritzeagatik hiru pertsona atxilotu zituen atzo [ekainak 1] Ertzaintzak.
Hiru pertsona atxilotu zituen atzo [ekainak 1] Ertzaintzak Ondarroan; bi gizon eta emakume bat. Arrigorri hondartzako udal biltegiko atea behartu ondoren, barruan lapurretan zebilen euretako bat, eta beste bi zelatan ari ziren kanpoan. Gainera, biltegiko atearen ondoan lapurtzeko prest zeuzkaten objektuak pilatuta zeuzkatela jakinarazi du Ertzaintzak.
Hala, Ertzaintzak identifikatu eta indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta atxilotu zituzten. Ertzain etxera eraman zituzten, eta behin bertan egin beharrekoak bukatuta, agintari judizialaren eskuetan jarriko dituzte. 25 eta 30 urteko bi gizon eta 40 urteko emakumea izan ziren atxilotuak, eta beraietatik bik lapurretan aritzeagatik aurrekariak dituztela adierazi du Ertzaintzak.