Jai herrikoien inguruan hausnartu dute Lekeition
Lekeitioko Parkeko Guneak 'Jai herrikoiak: zertarako eta nola?' mahaingurua antolatu du. Baigorriko Basaizea elkarteko, Gasteizko Zaharraz Harro taldeko eta Ondarruko Radixu Irratiko kideek parte hartu dute.

2026an 15 urte beteko dira Lekeitioko Parkeko Gunea antolatzen hasi zenetik, eta aurtengoa “momentu aproposa” ikusi dute jai herrikoien inguruan hausnartzeko. Hala, zapatuan [maiatzak 31] Kontzejupean elkartu ziren Jai herrikoiak: zertarako eta nola? mahainguruan Parkeko Guneko kideak, Baigorriko Basaizea elkarteko kideak, Zaharraz Harro Gasteizko alde zaharreko kideak eta Ondarroako Radixu Irratiko kideak: “Oso ondo atera zen. Hizketagai izan genuen, besteak beste, jai ereduan zelan antolatzen garen, apur bat ikusteko talde desberdinek zelan egiten duten lan eta zer hobetu ahal dugun”.
Hala, talde bakoitzaren helburuak desberdinak diren arren, saretzea aipatu zuten, esaterako, Gasteizko eta Baigorriko kideek. Baigorriko kideek, era berean, euskarazko aisialdi eskaintza naziotasun ikuspegitik garatuta eskaintzeko duten beharra eta Izpegiko jaiak zelan antolatzen dituzten azaldu zuten, “Espainiak eta Frantziak inposatutako mugak apurtzeko asmoz”.
Radixu Irratikoek, aldiz, Zapato Azularen inguruan hitz egin zuten: “Euren kezka adierazi zuten jaiak hartutako dimentsioaren inguruan, eurentzat kontrolaezin bihurtzera arte eta herritarrak herritik joan behar izatera arte jaiaz ezin gozatuta”. Parkeko Guneko kideek ere hartu zuten hitza: “Guk zergatik sortu ginen, zeintzuk helburu ditugun eta zein izan den gure ibilbidea azaldu genuen”.
Aldi berean, umeek Lumentzara txangoa egin zuten, eta Ane Gebara ipuin kontalariak saioa eskaini zuen: “Umeen esanetan dibertigarria izan zen saioa, eta oso gustura aritu ziren. Amaitzeko denok txokolatada batean elkartu ginen”.