Lea-Artibaiko Zientzia eta Teknologia Egunaren "oso balorazio ona" egin dute
Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkarteak eta Leartibai Fundazioak antolatuta, Lea-Artibaiko Zientzia eta Teknologia Egunean parte hartu dute eskualdeko LH6ko 250 ikaslek, Markina-Xemeingo Atxondo Kiroldegian.

Eskualdeko eskoletako LH6. mailako ikasleek hartu zuten Markina-Xemeingo Atxondo Kiroldegia barikuan [maiatzak 30]. Izan ere, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkarteak eta Leartibai Fundazioak antolatuta, Lea-Artibaiko Zientzia eta Teknologia eguna ospatu zuten beste behin ere. Goiz guztian 250 ikasle pasa ziren bertatik, eta antolatzaileek egunaren “oso balorazio ona” egin dute.
Denetarik egiteko aukera eduki dute ikasleek, besteak beste, fisika eta kimika, matematika, robotika eta adimen artifiziala. Guztira hamahiru izan dira aurtengo txokoak eta Kooperatiben Mahaia Elkarteko enpresek (Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide, Laboral Kutxa eta Maier), EHUko Matematika eta Komunikazio sailak, Leartiker eta Neiker ikerketa zentroek eta Doplay enpresak parte hartu zuten.
Antolatzaileek adierazi dutenez, eskolen aldetik ere balorazioa ona izan da: “Hainbat irakaslerekin egon gara, eta oso pozik etortzen dira egun honetara, bai eurak eta baita umeak ere. Umeei, gainera ilusioa egiten diete, eta are ilusio gehiago egiten diete euren gurasoak lanean ari diren enpresa ezagutzen dutenei”.Â
2018-2019 ikasturtean Talentatu izeneko proiektua ipini zuten martxan eskualdeko ikastetxeekin, eta ordutik antolatzen dute Lea-Artibaiko Zientzia eta Teknologia eguna. Hala, helburuek hasierako berdinak izaten jarraitzen dute: “Talentatu maila desberdientan eroaten da aurrera, eta maila bakoitzean lanketa desberdina egiten da. Helburua beti da eskualdea ezagutaraztea gazteei, nortasun sentimendua lantzea eta enpresara hurbilpena egitea”. Era berean, antolatzaileek urtez urte eguna antolatzen jaraitzeko beharra ikusten dute: “Hor daude datuak eta estadistikak, eta ikusten da unibertsitate mailan eta ikasketa teknikoetan ez duela jende askok aukeratzen teknologiaren arloa. Halako ekimenek apur bat bistaratzeko aukera ematen dute, umeei mundu honekiko beldurra kenduz. Beharrezkoa da urtez urte hazia botatzen joatea”.





























































