Bio eta Zabor erraldoiak Mutrikura heldu dira, itsasoa zaintzeko aliantza bila
Atzo [ekainak 2] 'Zaborrik onena sortzen ez dena' erakusketaren inaugurazioa egin zuten Zabiel Kultur Etxean. Mutikuko tokiko erakundeek bat egin dute kanpainarekin.

Atzo [ekainak 2] iritsi ziren Mutrikura Bio eta Zabor erraldoiak, itsasoa zaintzeko aliantza berrien bila. Zabiel Kultur Etxean batu ziren, Zaborrik onena sortzen ez dena erakusketaren inaugurazioan, eta bertan egon ziren Ainhize Azpiazu Mutrikuko alkatea, Jone Osinalde energia saileko arduraduna, Goizeko Izarra eta San Miguel ikastetxeko ikasleak eta Ane Goenaga eta Olaia Garcia MATER ontzi museo ekoaktiboko ordezkariak. Hala, Mutrikuko tokiko erakundeek bat egin dute kanpainarekin, baita Bertan Mutrikuko merkatarien elkarteak ere.
Zero zabor uretan egitasmoaren baitan MATER ontzi ekoaktiboak egindako erakusketa da Bio eta Zabor. “Eragileek, erakundeek, kolektiboek eta, batez ere, beren ekintzekin itsaso eta etorkizun osasuntsuago baten bila ari diren pertsonek garatutako egitasmoa bihurtzen ari da kanpaina hau”. Bio eta Zabor MATER ontziak komunitatean sortutako erraldoiak dira, eta “ikusezina ikusarazi” nahi dutela nabarmendu dute antolatzaileek: “ZABOR, itsas hondakinen munstroa, kontsumo asegabearen ondorioz geroz eta handiagoa den arazoa, gure ingurumena eta hortaz, gure gorputzak kutsatzen dituena. Eta BIO, izaki bizidunen sarea bizitzeko beharrezkoak diren baldintzak eskaintzen dizkigun izaki bizidunen sare magikoa, ezinbestean gurea dena eta nonahi espoliatuz eta kutsatuz hain gutxi zaintzen duguna”.
Atzo [ekainak 2] ireki zituen ateak erakusketak, eta eguenera arte [ekainak 5] egongo da ikusgai. Hala, antolatzaileek zehaztu dutenez, ontziak zeharkaldiak uztailean hasiko dituen arren, bisitatuko dituen portuetako herritarrak “mobilizatzen” ari dira: “Horren erakusle, Bilbo, Portugalete, Bermeo, Ondarroa, Mutriku, Getaria, Pasaia eta Hondarribiko neska-mutilak sortzen ari diren mezuak dira”. Izan ere, zeharkaldia hasi bitartean, umeen mezuekin batera egongo da erakusketa ibiltaria ikusgai, “hondakinak murrizteko mezua ozen hedatuz”.
Umeek “hausnarketarako dei” gisa sortu dituzte mezuak; gizartearen aldaketan eragin eta herritarrak hausnartzera gonbidatzeko tresna gisa : “Ekintza bakoitzak balio du; gure ohiturekin eta eguneroko erosketarekin oso boto indartsua dugu nahi dugun etorkizuna posible egiteko, baina badirudi helduak garen aldetik kosta egiten zaigula ekintzara pasatzea eta gure erosotasun eremutik irtetea; horregatik, haurrekin lan egiten dugu beraiek oraindik ez dituztelako halako ohitura aldaketarako oztoporik”, azpimarratu du MATER ontzi ekoaktiboko zuzendari eta egitasmoaren arduraduna den Izaskun Suberbiolak.