Herri Libre Baten Deiadarra
Deiadarra ekimena egin dute, Gure Eskuk deituta, deiadar mendi gailurretan, zapatu honetako Bilboko mobilizazio nagusiaren atarian. Gainera, Bilbora joateko autobusak antolatu dituzte Lekeitiotik nahiz Mutrikutik.

Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki lelopean, euskal herritarrak Bilbon elkartzera deitu ditu Gure Eskuk, zapatu honetarako [ekainak 7]. Erabakitzeko eskubidearen aldeko mobilizazioa, baina, zapatua orduko hasia da. Izan ere, iragan domekan, Deiadarra izeneko ekimena egin zuten Bizkaiko deiadar mendien gailurretan. Mendiko botak jantzi, ikurrinak poltsetan gorde, eta euskal herritarrek mendira jo zuten. Lea-Artibaiko herritarrek Oiz tontorrean eduki zuten hitzordua; Zengotitatik heldu zioten igoerari. Horrez gain, Kolitza, Ganekogorta eta Gorbeiara ere iritsi ziren aldarriak.
Busturialdeko herritar askok, baina, lokatza kresalagatik ordezkatu zuten. Izan ere, Bermeon, Matxitxako inguruan kokaturiko Nestor Basterretxearen Matxitxakoko Guda eskulturaren aldamenean egin zuten ekitaldia, Solluben barik. Hori bai, bertarainoko bidea oinez egin zuten, Taraskatik abiatuta: “Deiadar mendien urte luzeko ohiturari interpretazio berria eman gura izan diogu. Deiadarrak beti izan dira mendi tontorretik barrurantz, herrirantz, eta hori oso ondo dago, baina guk aspalditik uste dugu gure itsasorantz ere bidali behar ditugula mezuak; horregatik, Sollube aurten Matxitxako bihurtu da”.
Mezu argia bidali zuten tontorretatik nahiz itsasertzetik: “Erabaki propioak hartzeko gai den herria gara”. Euskal Herria “zazpi lurraldez osatutako nazioa” dela azpimarratuta, etorkizunari “gure errealitatetik eta gainontzeko herriekin batera” heltzeko borondatea haizeratu zuten. Horretarako bidea zein den ere argitu zuten: burujabetza. “Elkarrekin, demokratikoki eta aniztasunetik” lan egiteko hautua “handitzen” ari da gaur egun: “Lurraldeen estatusa mahai gainean dago; beraz, burujabetzaren bidean urratsak egiteko aukera dago. Denok elkarrekin lan eginez gero, aukera hori errealitate bihur daiteke”.
Adar hotsak, mendi gailurrez harago, itsas bazterrean ere aditu ahal izan ziren 12:00etan. Behinola herritarrei Batzar Nagusietarako deia helarazten zien hotsak zapatuan Bilbon Herri Libre Bat aldarrikatzeko deia luzatu die oraingoan. Hain zuzen, ekainaren 7an, hainbat garroz osatutako egitaraua egongo da Bilbon. Santiago plaza eta Plaza Barria izango dira goizeko epizentro nagusiak; biek hartuko dute jardueren gehiengoa, baia ez denak. Unamuno plaza, Zamudioko atarian, Zabalburu plazan, La Bolsan, Alde Zaharrean edota Bira kulturgunean ere egongo da zer egin eta zer ikusi. 17:30etarako, La Casillara lekualdatuko dira herritarrak; bertan izango da mobilizazio nazionala.

Oiz gailurra, aldarrigune.
Zenbait udalerritan, autobusak antolatu dituzte, Bilbora joan-etorria taldean egiteko. Mutrikun 15:15ean ipini dute hitzordua, baina tiketak erosi beharra dago horretarako; horiek lortzeko azken eguna bihar [ekainak 4] izango da, Aparra dendan eta Zubixa tabernan. Lekeitiarrak ere zapaturako antolatuta daude. Bi zerrenda prestatu dituzte: bata, mobilizaziora joateko; bestea, itzulerarako. Joaneko autobusa 15:00retan irtengo da Mandaskatik. Itzulerako bidaia mobilizazioa amaitu ondoren egingo dute. Herritarrek batera edota bietara izena emateko aukera dute, eta tiketak Gallon nahiz Aralden dituzte salgai.
ZAPATUKO EGITARAUA
Santiago plazan
10:30: Harri Kamishibai ipuin kontalaria.
11:30: Porrotx, Marimotots eta Zapotxin.
12:30: Ondalan erraldoien kalejira.
12:45: Bertso saioa: Aissa Intxausti, Ekhiñe Zapiain, Alaia Martin, Irantzu Idoate, Aner Peritz eta Nerea Ibarzabal.
13:30: Caporales San Simon La Paz Filial Bilbao.
Plaza Barrian
11:30: Euskal Ardi Moztaileen Elkartearen ikuskizuna.
11:30: Herri kirolak: Jasoka herri kirol taldea eta Harrizulatzaileen ikuskizuna.
13:00: Castellersak: Euskal Herriko Castellersak eta Colla Castellera Sagals D’osona.
Unamuno plazan
13:00: Erromeria, txistularien laguntzaz.
Zabalburu plazan
16:30: Walo BD danborjoleak.
Zamudioko atarian
11:00-14:00: Gizarte eragileen azoka eta talo eskaintza.
Alde Zaharrean zehar
Egun osoan: Txistulariak, albokariak eta trikitilariak.
La Bolsatik
20:00: Bilbo Kantari.
Bira kulturgunean
20:00: Iratzar erromeria.
La Casillan
17:30: Mobilizazio nazionala.