Hitzaldien "maila altua" azpimarratu dute 5. Zientzia eta Teknologia astean
Maiatzaren 28an [eguaztena] eman zioten hasiera bosgarren Zientzia eta Teknologia asteari, eta barikuan [maiatzak 30] amaitu zuten, Astrotopaketekin. Ondarroako BHIk antolatutako aste honetan, herritarrak eta eskualdeko adituak dira protagonista.

Maiatzaren 28an [eguaztena] ekin zioten Ondarroa BHIko ikasle zein irakasleek Zientzia eta Teknologia astearen bosgarren aldiari. Hiru egunetan ekintza eta ekimen ezberdinak antolatu ondoren, barikuan [maiatzak 30] eman zioten amaiera, astrotopaketekin. Aurten ere, herritarrak eta eskualdeko adituak izan ditu protagonista asteak, eta ikasleei zuzendutako jarduerez gain, herritarrentzako ere ikusgai egon dira zenbait saio; izan ere, lau hitzaldi sei tabernatan igorri dira streaming bidez. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, hitzaldien kalitatea “oso ona” izan da.
Gainera, berrikuntzak ere izan dituzte aurten; hala, Sokatirometroa izeneko lehiaketa antolatu dute: “Sokatirometroa deritzon sokarekin tiratzeko palanka baten lehiaketa da”, Horrez gain, urteroko Rubi kuboaren lehiaketa errepikatu dute.
Ikastetxearen zein udalaren laguntza aipatu nahi izan dute Ondarroa BHItik: “Ikastetxeko lan taldearen eta udalaren laguntza azpimarratu nahi dugu, baita Narea Urresti ikasle ohiaren ekarpena ere, zeinek streamingen kalitatea nabarmen hobetu duen”.