Ingurumen Asteburuak eskualdeko ekoizleen azoka dakar Ziortza-Bolibarrera
Ekainaren 5a Ingurumen Eguna dela eta, ekintzaz betetako asteburua antolatu dute Ziortza-Bolibarren. Zapatuan [ekainak 7] Markola erreka garbituko dute, eta domekan [ekainak 8] eskualdeko abeltzaintza proiektua aurkeztu eta eskualdeko ekoizleen azoka egingo dute.

Eguenean [ekainak 5] Nazioarteko Ingurumen Eguna da, eta horren harira, Ingurumen Asteburua ospatuko dute zapatuan eta domekan [ekainak 7 eta 8] Ziortza-Bolibarren. Askotariko ekintzak antolatu dituzte Ziortza-Bolibarreko Udalak, Lea-Artibai Mankomunitateak, Lea-Artibai Landagarapen Alkarteak, Aranbaltz kultur elkarteak eta Kanpape elkarteak. Andoni Lariz herriko alkateak adierazi duenez, klima larrialdiari aurre egitea da helburua: “Gakoa da hemen egiten den lanketa klima larrialdiari aurre egin eta herrian eman behar den eraldaketa horretan pausuak emateko, eskualde osoan eman behar den trantsizio ekosozialaren barruan”.
Hala, zapatuan [ekainak 7] Aranbaltzek antolatuta Markola errekaren garbiketa egingo dute. Elkarteko kide diren Bego eta Rakelek azaldu dutenez, 11:00etan ipini dute hitzordua, herriko plazan: “Aurretik antolatu izan dugu, baina hiru urte dira jarraian egiten dugula. Auzolanean, nagusiek nahiz umeek parte hartu dezaten, eta sentsibilizatzeko asmoz, antolatzen dugu ekimena. Izan ere, errekara orain zikinik botatzen ez den arren, garbitzeko asko edukitzen dugu”. Hori horrela, asmoa erreka Beheko Zubitik Errotaldera arte garbitzea da.
Domekan [ekainak 8] ostera, Konpost Eguna ospatuko dute goiz osoko egitarauagaz: eskualdeko abeltzaintza proiektuari buruzko hitzaldia eta azoka egongo dira. Hala, Iosu Ogiza Lea-Artibai Landagarapen Alkarteako presidenteak azaldu duenez, abeltzaintza proiektua Amaterra enpresak eroan du aurrera, eta horren aurkezpena egingo dute, 11:00etan: “Azken urtean, Landagarapen Alkartetik bultzatuta, Amaterra enpresa kontratatu da eskualdean abeltzaintza proiektu berezi bat egiteko. Aurkezpenean egongo da Iñigo Arruabarrena Amaterra enpresako ingeniari agronomoa, alde batetik, eta Nerea Urrutibeaskoa Landaragapen Alkarteko teknikaria, bestetik”.
Hitzaldiagaz batera emango diote hasiera azokari ere, eta martxan egongo da 14:00ak arte. Hala, Ogizak azaldu du elikadura burujabetza bultzatzea dela azokaren helburua: “Eskualdeko ekoizleen postu batzuk egongo dira, gehienbat, baserriarekin lotutakoa. Izan ere, elikadura burujabetza bultzatu nahi dugu”. Hala, gazta, barazkiak, ogia, pastelak nahiz beste hamaika produktu egongo dira herriko plazan, eta baita eskuz egindako bitxien postu bat eta arrain kontserben postu bat ere.
Bertokoa, bertokoentzat. Postu bat ipiniko du, era berean, Lea-Artibai Mankomunitateak ere. Leire Markuerkiaga Olabe presidenteak azaldu duenez, konposta banatzeko postua ipiniko du Mankomunitateak: “Gaur egun Mankomunitatean gauden herri eta herrietako ordezkariok oso argi daukagu eskualde mailan organikoa bereizteko hartutako erabakia oso egokia izan zela, eta guk argi daukagu bide horretan jarraitu behar dela. Eta ez jarraitu bakarrik, baita hobetu ere. Berton organikoa batu, ahal dela berton tratatu eta gero organiko horren konpost emaitza ere berton kontsumitu eta berton aprobetxatu dezagun bertokook”.
Egitaraua.
- Ekainak 7, zapatua.
- 11:00. Markola errekaren garbiketa, plazatik hasita. Errotaldetik Beheko Zubirako tartea garbituko dute.
- Ekainak 8, domeka.
- 11:00. Hitzaldia: eskualdeko abeltzaintza proiektua, udaletxean. Iñigo Arruabarrena Amaterra enpresako ingeniari agronomoa eta Nerea Urrutibeaskoa Lea-Artibai Landagarapen Alkarteko teknikariaren eskutik.
- 11:00-14:00. Konpost banaketa, herriko plazan. Landare bat opari.
- 11:00-14:00. Azoka eskualdeko ekoizleekin, herriko plazan.