Mendexa kulturaz bustitzera dator 'Ekain Kulturala' egitasmoa
Bigarrenez antolatuko dute aurten Ekain Kulturala Mendexan. Domekan [ekainak 8] emango diote hasiera 'Kantuz kantu plazan' egitasmoagaz.
Kultura herrira hurbiltzeko helburuagaz, bigarrenez antolatuko du aurten Mendexako Udalak Ekain kulturala egitasmoa. Iazko ekaineaz antolatu zuten lehen aldiz, eta izan zuen harrera ikusita, urtero errepikatzea da antolatzaileen helburua: “Iazko balorazio oso positiboa egin genuen. Ekintzek harrera ona eduki zuten, eta ikusle kopurua ere altua izan zen. Beraz, argi geneukan aurten ere antolatuko genuela. Kultura herrira hurbildu, inora mugitu gabe herrian kultura kontsumitzeko aukerak sortu, eta giro ederraraz gozatzea dira egitasmoaren helburuak, baita Mendexari bizigarritasuna ematea ere”.
Hala, domekan [ekainak 8] emango diote hasiera egitasmoari, Kantuz kantu plazan! ekimenarekin, 12:00etan, plazan. “Pasa den urtean bezala, aurten ere, Mendexako edota inguruetako eragileak gonbidatu nahi izan ditugu. Egiten duten lana aitortu eta bultzada emateko. Beraz, domekan Mendexako kantu tailerrekoek emanaldia eskainiko dute”. Ekainaren 13an [barikua] dantza bertikalaren txanda izango da; 19:00etan eskainiko dute emanaldia, frontoian. Hurrengo egunean, ekainaren 14an, Mendexatik Garraitz isla bisitatzera joango dira, Giller RZ de Erentxunen gidaritzapean, eta honetarako, 11:30ean geldituko dira islako moila hasieran. “Karraspio hondartzatik gertu daukagu Garraitz, baina ez dugu bere historiaren berri. Beraz, irteera egingo dugu bertara, eta Giller RZ de Erentxunek emango digu islaren berri. Oso interesgarria izango da”.
Ekainaren 21ean [zapatua] Marmara! taldearen kontzertua egongo da plazan, 20:00etan hasita. Era horretan, ekainaren 23an [domeka] emango diote amaiera Ekain kulturalari San Joan gauarekin. “Asmoa urtero egitasmoa antolatzea da, eta ekainetik uda amaitu arte egitarau kultural borobila edukitzea Mendexan”.
EGITARAUA
Domeka, ekainak 2.
- 12:00. Kantuz kantu plazan! Kantu tailerreko lagunen emanaldia, plazan.
Barikua, ekainak 13.
- 19:00. Dantza bertikalen emanaldia, frontoian.
Zapatua, ekainak 14.
- 11:30. Mendexatik Garraitzera. Islako moila buruan batu, eta Garraitzera irteeta. Giller RZ de Erentxunek gidatuta.
Zapatua, ekainak 21.
- 20:00. Marmara! taldearen kontzertua, plazan.
Astelehena, ekainak 23.
- 21:00. San Joan gaua. Sua, konjura, sagardoa eta pintxoak.