Bolintxu energia komunitateak bazkideen batzarra egin du
45 bazkide dira gaur egun. Bazkide egin nahi dutenek domekan [ekainak 8] edukiko dute horretarako aukera, Ingurumen Asteburuan egingo duten eskualdeko ekoizleen azokan.
Ziortza-Bolibarko Bolintxu energia komunitateak joan den zapatuan [ekainak 1] 45 bazkideen batzarra egin zuen, eta “bi urtean aurreratu dena” azaldu, eta informazioa trukatu zuten.
Besteren artean, Bolibarko hurrengo eguzki plaken obraren egoera azaldu zuten: “Ziortza-Bolibarko Udalak Bolintxu kooperatibarekin egingo duen hitzarmena ahoz adostuta baldin badago ere, idatziz formalizatu beharra dago, teilatu publikoak eta plaken lagapenaren truke udalari kontraprestazioa ematea”. Horrekin batera, Bolintxuren funtzionamendua, egoerari buruzko datuak eta bazkide berriak egiteko kanpainaren berri eman zuten.
Bazkide izan nahi dutenek, hain zuzen ere, domekan [ekainak 8] edukiko dute bazkide izateko aukera: “Epe motzean hori izango da bazkide egiteko aukera bakarra”. Hala, postu bat edukiko du Ingurumen Asteburuan egingo duten eskualdeko ekoizleen azokan; norbere eta ezkontidearen Nortasun Agirien kopiak eta azken argi fakturaren kopia bat aurkeztu beharko dira.
Bolintxu energia komunitatearen helburua “trantsizio ekosozialari ekarpen txukuna egitea” dela adierazi dute, “herritarren artean kontzientzia sortuz, energia berdea erabiltzeko apustua eginez eta zentzuz erabiliz eta herrian kontsumitzen den ahalik energia gehien herrian sortuz”.