Kofradia Zaharra bete du Bertsozientzia saioak
Ondarroako Zientziaren Giltzak Elkartea hamargarren urteurrena ospatzen ari da. Astelehenean Bertsozientzia saioa eskaini zuten kofradia Zaharrean.

Ondarroako Zientziaren Giltzak Elkartea hamargarren urteurrena ospatzen dabilen honetan, “askotariko ekintzak” antolatu ditu. Izan ere, astelehenean [ekainak 2] Bertsozientzia saioa antolatu zuen Kofradia Zaharrean, eta antolatzaileek saioaren eta gainerako ekintzen balorazio “oso positiboa” egin dute: “Harrera oso ona izan dute antolatutako ekintzek. Asteleheneko Bertsozientzia saioan, adibidez, 100 lagun inguru batu ginen Kofradia Zaharrean. Elkartetik, momentuz, urteurrenaren balorazio oso ona egiten dugu”.
Andoni Egaña eta Josune Aramendi aritu ziren bertsotan, eta Miren Basaras, Josu Lopez gazpio eta Ainara Sangroniz zientzialariek ere parte hartu zuten: “Zientzialariek jarri zizkieten gaiak bertsolariei, eta oso giro ona egon zen. Gai serioak landu ziren arren, umoretik asko eduki zuen saioak”.
Etzi [ekainak 7] Geoparkera egingo duten irteeragaz itxiko dute urteurrena. “Edukiera bete da jada; eta guztira, 30 lagun inguru joango gara”. Antolatzaileek adierazi dutenez, 10:10ean hartuko dute autobusa Debara joateko, eta kotxez joan nahi dutenak 10:30erako egon beharko dira tren geltokiaren aurrean.