Markina-Xemeinen iaz baino 2.500 euro gehiago bideratu dituzte Errigorara
Markina-Xemeingo AEK eta Bekobenta eskola publikoa lankidetzan aritzen dira Errigorako kanpainetan, eta aurten, salmenten bitartez, 16.906 euro eskuratu dituzte Errigorara bideratzeko.

Markina-Xemeinen AEK eta Bekobenta eskola publikoa lankidetzan aritzen dira Errigorako Euskarari Puzka nahiz Eskutik eskura kanpainetan, eta aurtengoan ere hala izan da. Eskutik eskura kanpaina amaitu da jada, eta aurten iaz baino 2.500 euro gehiago eskuratu dituzte salmenten bitartez, 16.906 euro, hain zuzen ere.
Hori horrela, Errigoratik “balorazio oso baikorra” egin dute: “Emaitza txukunak dira”. Hala ere, Markina-Xemeinek “oraindik ere hazteko aukerak” dituela uste dute: “Eragile gehiagoren babesa eta boluntario gehiagoren parte hartze aktiboarekin lortu dezakegu hau. Egin dezaiogun aurre Nafarroaren zonifikazioari. Euskal Herri osoan euskara ofiziala izatea lortu behar dugu. Bultzatu dezagun elikadura burujabetza gure baserritarrak zainduz eta indartu dezagun auzolana”.
Zozketa. Ildo beretik, Bekobenta eskolak etea Markina BHI institutuak lehenengoz zozketa egin dute Eskutik eskura kanpainan erosle izan dire gurasoen artean. Helburua Errigora proiektua familiei hurbiltzea izan dela adierazi dute: “Dituen baloreak indarrean ipini nahi izan ditugu: elikadura burujabetza, Euskal Herriko produktu osasuntsuak kontsumitzea, auzolana, era desinteresatuan komunitateari mesede egiten dion proiektuetan musutruk lan egitea edota euskararen zonifikazioa gainditzen laguntzea”. Hala, Bekobentan Oihana Plaza izan da irabazlea, eta DBHn Arantza Loiola; esker oneko berbak izan dituzte biek ala biek.