Ondarroako portua dragatzeko lizitazioak aurkezteko epea zabalik dago
Ekainaren 11ra [eguaztena] arte eongo da zabalik lizitazio eskaintzak aurkezteko epea. Lanak urriaren 1ean hasiko dira.
Ondarroako portua dragatzeko lizitzazio eskaintzak aurkezteko epea zabalik dago ekainaren 11ra [eguaztena] arte. Hala, oinarrizko aurrekontua 2.042.342,49 eurokoa da, eta lanak gauzatzeko sei hilabeteko epea egongo da. Hondartzako denboraldia amaitutakoan hasiko dira lanak; zehazki, urriaren 1ean. Eusko Jaurlaritzatik zehaztu dutenez, guztira 18.000 metro kubiko hondar aterako dira.
“Ondarroako portuak sakonera mantentzeko dragatze lan bat behar du hainbat eremutan, ez baita horretarako ezarritako gutxienekora iristen, eta, beraz, beharrezkoa da aldian-aldian sedimentu metaketa dragatzea”, adierazi du Koldo Goitia Eusko Jaurlaritzako Itsasertzaren Garapeneko, Portuen eta Itsas Gaietako zuzendariak.
Pilaketak bi urtean behin gertatzen direla jakinarazi dute: “Bokalean eta portura sartzeko kanalean gertatzen dira pilaketak, baita puntalean, itsasafarrean eta kirol sartsenan ere”. Hala, azken dragatze lanak 2021eko urria eta 2022ko martxoa bitartan egin zirela zehaztu dute.
Obraren helburua Ondarroako portuan dauden sedimentu biltegien eremuak dragatzea dela adierazi du Goitiak: “Kendu egin behar dira portuaren eraginkortasuna eta segurtasuna bermatzeko, eta horrela, sakonera izendunak berrezartzeko: 6 metro INBErekiko (Itsasbehera Nagusi Bizia Ekinoziala) sarrerako bokale zonetan, 3 metro bokalearen eta Calatrabako zubiaren arteko nabigazio kanalean eta 2 metro zubitik gora eta kirol dartsenan”. Era horretan, obren bidez, 18.000 metro kubiko hare garbi kendu nahi dira bokaletik eta kanpoko kaitik; 65.000 metro kubiko harea lohi itsasadarraren eta ahoaren eta kanalaren eremutik; eta 2.500 metro kubiko harea lohi kirol dartsenaren barrutik.
“Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak sustatzen duen jarduera Ondarroako Porturako Sakoneren mantentze lanak dragatzeko Kudeaketa Planean (2024-2028) oinarritzen da, Ingurumena Zaintzeko Programa barne. Era berean, dragatze lanak egiten diren bitartean, laguntza teknikoko zerbitzu bat egongo da ingurumen jarraipena egiteko”, zehaztu dute Eusko Jaurlaritzatik.