Ondarroako terrazen ordenantzaren behin behineko onarpena argitaratu da Bizkaiko Aldizkari Ofizialean
Joan den asteko Ondarroako Udaleko osoko bilkuran terrazen ordenantzaren zenbait alegazio onartu ziren. Hala ere, Ondarroako EAJ abstenitu egin zen, "koherentzia faltagatik".
2023ko urrian ekin zion Ondarroako Udalak espazio publikoaren parte hartze prozesuari, eta lanketa ezberdinak gauzatu ondoren, astelehenean [ekainak 2] terrazen ordenantzaren behin behineko onarpena argitaratu zen Bizkaiko Aldizkari Ofizialean. Behin behineko ordenantzan azken fasean herritarrek aurkeztutako eta onartutako alegazioak daude txertatuta; izan ere, hamaika herritarrek eta eragileek jarri zizkieten alegazioak ordenantzari, eta horietako batzuk onartu dira. “Zehaztutako epe barruan hainbat alegazio aurkeztu ziren, eta behin horiek aztertuta, 2025eko maiatzaren 29an egindako osoko bilkuran horietako batzuk onartu ziren, dagozkion zuzenketak txertatuz jatorrizko testuan. Ordenantzaren 7,16,19 eta 20 artikuluak, eta lehen xedapen iragankorra aldatu dira”, nabarmendu du Irina Alkorta Bedialauneta jarduneko alkateak.
Ondarroako Udaleko osoko bilkuran behin behineko onarpena egin ondoren, ekainaren 17ra arte izango dute eragile zein herritarrek jatorrizko testuari egindako aldaketen inguruko alegazioak egiteko tartea: “Epe hori igaro ondoren jendaurrean jarriko da testua aldaketekin, eta alegaziorik aurkezten ez bada, testua behin betiko onartuko da”.
Hala, Ondarroako Udalak ordenantzaren puntu “esanguratsuenak” mahaigaineratu ditu. Besteak beste; terrazako mahaiak zein bestelako elementuak ezartzerakoan aniztasun funtzionala dutenek eremu publikoa inolako trabarik gabe erabili ahal izatea; establezimenduaren kanpoan altzariak, terrazako elementuak edota edari kutxa zein upelak pilatzeko debekua; terrazako elementuak baimendutako ordutegian eraikin baten barruan gordetzea -baimenarekin soilik utzi ahalko dira espazio publikoan-; ostalaritzaren eraginpean dauden espazioak garbi mantentzea; lizentziak ezarritako eremuen mugak errespetatzea; eta interes orokorreko ekintzen aurrean terrazen osagai guztiak kendu behar izatea. Informazio guztia eskuragarri jarri du Ondarroako Udalak bere webgunean.
Oposizioak, abstentzioa. Era horretan, joan den asteko Ondarroako Udaleko osoko bilkuran EAJko udal taldea abstenitu egin zen, “koherentzia faltagatik” eta honek sortu dezakeen segurtasun, mugikortasun eta bizikidetza arazoengatik”: “Terrazak arautzeko beharra partekatzen dugun arren, eta prozesua abian jartzea positibotzat jotzen dugun arren, azken testuak hutsune larriak ditu, bereziki jarduera urbanistikoekin ordutegien koordinazioari dagokionez”. Zama lanetako guneetako eta terrazen ordutegien arteko “kohesio falta” seinalatu dute kasu larri gisa jeltzaleek: “Ordenantzak terrazak 12:00etatik aurrera jartzea baimentzen du, eta zama jaitsi eta eta zama karga guneetan, testuak berak onartzen duen bitartean, zama lanak 13:30ak arte luzatzen dira. Horrek ordu eta erdiko gainjartzea dakar, eta tarte horretan kamioiak, hornitzaileak eta ostalaritzako altzariak espazio berean egongo dira”. Hala ere, “egindako lana baloratzen dutela” zehaztu dute EAJtik, baina “kontraesanak eta hutsuneak” dituen araudiaren “aldeko botoa” ezin dutela eman nabarmendu dute: “EAJtik Ondarroa ondo kudeatua defendatzen jarraituko dugu, non arauak herritarren zerbitzura, zentzu komunaren eta interes orokorraren mesedetan izango diren”.