Uribarren-Abaroa erresidentziako langileen bizipenak ezagutzeko aukera egongo da barikuan
Euren lan baldintzak hobetzeko eskatuz, bi urtez aritu dira borrokan Uribarren-Abaroa erresidentziako langileak. Hainbat lorpen eduki dituzte bidean, eta horietatik ateratako irakaspenak biltzen dituen erreportajearen emanaldia eskainiko dute barikuan [ekainak 6].
Lekeitioko Uribarren-Abaroa erresidentziako langileak bi urte luzez aritu dira borrokan euren lan baldintzak hobetzeko eskatuz. Independenteki antolatzen hasteagaz batera, “gutxinaka” baldintzak hobetzea lortu zuten, eta borroka hartatik ateratako irakaspenak batzen dituen erreportajearen emanaldia egingo dute barikuan [ekainak 6]. 18:00etan ipini dute hitzordua, kultur etxeko Azkue aretoan.
Langileen antolakuntzagaz batera, Kontseilu Sozialistaren babesa eduki dute borroka aurrera eroateko. Kontseilu Sozialista izan da, era berean, erreportajea egin duena ere: “Bi urteko borroka azaldu dugu bertan, langileen, euren senideen eta Laneko Autodefentsa Sareko (LAS) kideen ikuspegiak batuz. Jendeak gauza askoren berri izan du, baina borroka aurrera eroan dutenen aldetik kontatu nahi dugu”. Adierazi dutenez, gerentzia kaleratzea izan da “lorpenik handiena”: “Gerentzia kaleratzea zen helburu nagusia, eta hori lortu egin da. Gainera, ez da edozelako lorpen bat. Era berean, bide guzti honetan langileak joan dira ikusten euren interesen alde eta langileei begiratuta antolatzen hasi diren momentuan lorpenak heldu egin direla”.
Borrokaren beste emaitzetako bat Lortu sindikatuaren sorrera da: “Oraintxe arte Emakume Langileen Kandidatura izan da, baina kandidatura izatetik sindikatua izatera pasa da. Erresidentziako langile independenteen sindikatua da Lortu”. Hala, Lorturen aurkezpena egingo dute erreportajearen emanaldiaren ostean; ekitaldiagaz amaitzeko, mokadutxoa eta musika egongo dira.