Egitarau "borobilagaz" datoz Kamiñazpiko jaiak
Asteburuan ospatuko dituzte Kamiñazpi auzoko jaiak Ondarroan. Bihar [ekainak 6] eta etzi [ekainak 7] jai giroak ez du etenik izango Kamiñazpin. Herri bazkarian 540 lagun batuko dira.

Urteroko formatuan datoz aurten ere Ondarroako Kamiñazpi auzoko jaiak; izan ere, bihar hasi [ekainak 6] eta zapatuan [ekainak 7] amaituko dira. Kamiñazpiko jai batzordeko kideak “gustura” gelditu dira egitarauagaz, eta ume, gazte zein nagusiek “gozatzeko” aukera izango dutela azpimarratu dute. Joan den urteko helburuei helduz, aurten, bigarrenez edukiko dute txosnetan eraso matxisten kontrako protokoloa.
18:00etan emango diote hasiera jaiei, txupinazoa bota eta txosna irekieragaz batera. Ondoren, 19. Pala txapelketa hasiko da frontoian. Nahiz eta jaien formatua “berdin” mantenduko duten, egitarauan “zenbait aldaketa” egon direla azaldu dute antolatzaileek: “Pala txapelketaren formatua aldatu dugu. Aurreko urteetan jaietako zapatuan izaten zen txapelketa, eta aurten, barikuan hasiko da, eta zapatuan amaitu. Orain arte hamasei bikoteko muga geneukan jarrita, baina aurten, hogeira igo dugu. Horrela, jende gehiagok parte hartu dezake, eta lehenengo partiduak barikura pasata, ordutegia aldetik ere hobeto ibiliko gara. Zapatuan final laurdenak, final erdiak eta finala jokatuko dira”.
20:00etan, urtero legez, Pop Rock saioa egongo da Ondarroako Musika Eskolako konboaren eskutik, eta gero, 22:00etan, Play back lehiaketa hasiko da, TXO! Antzerki kolektiboak gidatuta. Antolatzaileek jakinarazi dutenez; guztira, 10 talde lehiatuko dira. 23:30ean Akerbeltz erromeriak hartuko du auzoko oholtza, eta ondoren, Visions DJak egongo dira.
Hala ere, zapatua [ekainak 7] da auzokideen egun “gustukoena”; izan ere, goizetik jai giroa nagusi izaten da Kamiñazpin. 11:00etan jarraituko dute pala txapelketagaz, eta ordu berean, umeentzako eskaintza ere egongo da parkean: Txirrindu ginkana Aurrera Txirrindu Elkartearen eskutik; herri kirolak Mikel Agirreren eskutik; puzgarriak; eta aurpegia margotzeko mahaia. Gainera, “berrikuntza” gisa, Debrass Band talde debarra ibiliko da auzoa girotzen goizean zehar: “Txistulariak ibiltzen dira urtero, baina aurten, aldaketa egin dugu eta talde debarra ibiliko da Kamiñazpiko kaleetan zehar”.
12:30ean paella prestatzeari ekingo diote bertaratuek, eta 14:30ean, herri bazkaria egingo dute parkean; guztira, 540 lagun elkartuko dira, “inoiz baino gehiago”. Ondoren, 18:00etan, umeentzako zinea egongo da OLEE taldearen eskutik, Ibaiondon, eta puzgarriak ere 20:30ak arte egongo dira.
18:00etan Itzal erromeria taldeak girotuko du auzoa, eta ondoren, La reina del pop taldea igoko da oholtzara. 00:30ean, EH Sukarrak emango dio erreleboa, eta amaitzeko, urtero legez, Dj Juseffek emango dio bukaera festari. “Denen gustukoa izango den egitaraua osatzen saiatzen gara. Adibidez, zapatu gauean musika estilo desberdinekin josiko da karpa. Hasteko, erromeria egongo da, ondoren, La Oreja De Van Gogh taldearen triburoa, gero, EH Sukarra, eta bukatzeko, nola ez, DJ Juseff, urtero legez”.
Sinadura bilketa. Joan den astean Txosnak. Gureak, denonak dinamika egin zuten publiko Hego Euskal Herriko 200 jai batzorde eta 700 txosnek. Txosnak “identitate kolektiboaren parte” direla azaldu, eta “babestu beharreko guneak” direla zehaztu zuten. Hala, txosnak Euskal Herriko kulturaren ondare immaterial izendatzeko sinadura bilketari ekin diote Hego Euskal Herriko txoko desberdinetan. Kamiñazpiko jai batzordetik bat egin dute kanpainarekin, adierazi dutenez, jaietan ere, sinadurak biltzen egongo dira.
EGITARAUA
- Ekainak 6, barikua
- 18.00. Txupinazoa eta txosna irekiera.
- 18:00. Kamiñazpiko 19. Pala txapelketa (lehen jardunaldia).
- 20.00. Pop rock saioa: Ondarroako Musika eskolen eskutik.
- 22.00. Play back lehiaketa. (TXO! Antzerki kolektiboa).
- 23.30. Kontzertua: Akerbeltz.
- Ondoren. DJ saioa: Visions.
- Ekainak 7, zapatua
- 11.00. Kamiñazpiko 19. Pala txapelketa
- 11.00. Umeentzako txirrindu ginkana, Aurrera Txirrindu elkartearen eskutik. Herri kirolak Mikel Agirreren gidaritzapean eta aurpegia margotzea.
- 11.00. Debrass Band auzoan zehar.
- 11.30-14.30. Puzgarriak.
- 12.30. Paella prestatzen hasi.
- 14.30. Herri bazkaria.
- 18.00. Zinea umeentzat OLEE-ren eskutik, Ibaiondoko etxeetako tunelean.
- 18.00. Itzal erromeria
- 18.30-20.30. Umeentzako puzgarriak.
- 22.30. La Reina Del Pop (La Oreja De Van Goghen tributoa)
- 00.30. EH Sukarra.
- Ondoren. DJ Juseff
- 06.00. Zaparradarekin batera… denok etxera!