Kultura matrilineala izango dute hizpide Zientziaren Giltzaken hiltzaldian
Hitzaldia astelehenean [ekainak 9] izango da, 18:30ean, Kofradia Zaharrean. M. Carmen Basterretxea Urrosolok gidatuko du hitzordua.
Kultura Matrilineala hitzaldia izango da Ondarroako Zientziaren Giltzak Elkartearen hurrengoko hitzordua. Atzeratutako hitzaldia da honakoa, itzalaldiaren egunean egin behar baitzen. Beraz, apirilaren 28an hitzaldia aurrera ateratzeko aukerarik izan ez zutenez, datorren astelehenean [ekainak 9] egingo dute, 18:30ean, Kofradia Zaharrean. M. Carmen Basterretxea Urrosolo (Ondarroa, 1958) antropologoak bideratuko du hitzaldia.
“Gizakia sortu zenean Paleolito garaian bizimodu bat eraiki zuen, eta eraikitako bizimoduan kudeatu zuen antolaketa soziala, senide egitura, arauak, igarotze errituak, sinesmenak, besteak beste. Gaur egungo gizartean oraindik bizimodu honen arrastoak bizirik daude kontinente ezberdinetan eta bereziki Euskal Herrian”. Hala, bizimodu horrek gizartea “ekitatiboagoa eta berdinagoa” izatea lortu zuela dio Basterretxeak: “Bizimodu hori bizimodu matrilineala da, nahiz eta ezagunagoa izan matriarkatua bezala”.