‘Blue’ dokumentala proiektatuko dute Aulestin
Aulestiko Udalaren eta BBK Fundazioaren eskutik, Karina Holden australiar zuzendariaren Blue dokumentala (2017) ikusteko aukera egongo da domekan [ekainak 8], 18:00etan, udal aretoan. Herriz Herri programaren barruko Klima Zikloaren baitako proiekzioa da.
Dokumental australiar horrek ozeanoren sakonera arakatzen du. Kutsadura industrialak eragin dituen aldaketa ekologikoek hainbat espezieren habitata suntsitu dutela erakusten du. Blue ozeanoen erresumarako “bidaia probokatzailea” da; ikuslea amildegiaren ertzean dagoen unibertso baten barrena eramango duen itsaspeko ibilbidea proposatzen du.
Klima Zikloa klima-aldaketari buruzko dokumentalen eta hitzaldien zikloa da, BBK Klima zentroaren esparruan sortua. Arduradunen berbetan, gizateriak aurre egin behar dien ingurumen-erronka garrantzitsuenetako batzuei buruzko ikuspegi orokorra eskaintzea du helburu proiektuak: “Planeta babesteko konpromisoa hartzeko eta etorkizun jasangarria eraikitzeko ilusioa pizteko gunea da”.