Zuriñe Egia eta Irene Urriolabeitia: "Eskolako parte direnak nahiz izan direnak aritu gara lanean"
50 urte bete ditu aurten Bekobenta eskolak, eta herriko hezkuntza publikoaren bilakaera betirako jasota uzteko asmoz, auzo eskoletatik hasi, eta gaur egunera bitarteko herriko nahiz ingurukoen testigantza ugari bildu dituzte ‘Markina-Xemeingo hezkuntza publikoa (1844-2025): hazitik lorera’ liburuan.

50 urte loran. Hala dio aurtengo Markina-Xemeingo Bekobenta eskolako leloak. Izan ere, 1975ean ireki zituen lehenengoz ateak, eta ordutik 50 urte igaro diren honetan, goi-goitik ospatu nahi izan dute urteurrena. Hezkuntza komunitatea elkartu, eta auzolanean eroan dituzte aurrera ekintzetako asko. Horietako bat da Markina-Xemeingo hezkuntza publikoa (1844-2025): hazitik lorera liburua, eta besteren artean, 130 testigantza bildu dituzte liburuan lanean aritu diren 45 lagunek. Zuriñe Egia Bekobentako idazkaria eta urteurreneko batzordeko ordezkaria da lanean aritu denetako bat. Irene Urriolabeitia, ostera, Bekobentako ikasle ohia da, eta gaur egun irakaslea eta ikasketa burua da bertan; bere testigantza kontatzeaz gain, Urriolabeitia lanean ere aritu da liburuan.
Zer jaso duzue liburuan?
Zuriñe Egia: Markina-Xemeingo hezkuntza publikoaren bilakaera jaso dugu, 1844tik, gaur egunera arte. Lehenengo pentsatu genuen 50 urteak hartzea, baina ikusi genuen 1975ean eskola sortu zenean ez zela Bekobenta moduan sortu, baizik eta Agrupacion escolar de Markina-Xemein bezala, eta zentzua ikusi genion 1975 baino lehen gertatu zena ere jasotzea, ze, urte horietan herri txikietako eskolak nahiz auzoetako eskolak ixten joan ziren eta ikasle guztiak hona etortzen ziren. Zazpi ataletan banatu dugu liburua.
Atal bati Garai bakoitzera egokitzen titulua ipini diozue. Zer jaso duzue hor?
Z.E.: Kapitulu garrantzitsua da. Frankismoko irakaskuntzatik, eskola modernorako trantsizioa azaltzen da. Irakasle aldaketak egon ziren, eta euskararen bilakaera ere garrantzitsua izan zen. Irakasle gazte batzuk sartu ziren, eta elkarrizketetan jaso dugunez, irakasle berri horiek oso jatorrak ziren. Auzo eskoletako irakasleak, ordea, oso gogorrak…
Irene Urriolabeitia: Bai, eta irakasle berri horiek arnasgunea izan ziren ikasleontzat. Norbait geneukan hitz egiteko, eta beldur gutxiago genien.
Z.E.: Gero, Franco hil zenean, euskara sartzen hasi zen. Horrek ere pisu handia eduki du hezkuntzaren bilakaeran. Horrez gain, DBH ere sortu zen, 1996an.
I.U.: Bai, eta hor ere iskanbila asko egon ziren. Herrietako eskola txikiek ostera ere zabaltzea lortu zuten, baina DBH sortu zenean, beldur handia egon zen herri txikietako eskola horiek berriro ere ixteko. Hor borroka handia egon zen herri txiki guztietan, baina Aulestin bereziki asko borrokatu zuten, eta hori testigantzetan oso argi adierazita jaso dugu.
Eta zergatik eskaini diozue atal oso bat guraso elkarteari?
Z.E.: Guraso elkarteek pisu handia eduki dutelako Bekobentan. 1978an sortu zen guraso elkartea, hamabost kidek osatuta, eta deigarria da hasieran herri guztietako gurasoak elkartean egotea. Bederatzi ziren markina-xemeindarrak, eta gainontzekoak inguruko herri txikietakoak ziren, Munitibar, Aulesti, Etxebarria, Ziortza-Bolibar eta Berriatukoak. Beti egon dira eskolari laguntzeko prest, eta horregatik eduki du hain garrantzia handia.
“Auzo eskoletan ikasi zutenak oso eskertuta agertu dira. Askok barrenak hustu dituzte”
130 testigantza eta 45 pertsona lanean. Zelakoa izan da prozesua?
Z.E.: Bekobentako guraso, irakasle, irakasle ohi, guraso ohi… Eskola komunitatearen parte direnak nahiz izan direnak aritu gara lanean. 130 testigantza dira, baina 89 izan dira elkarrizketak, eta prozesua, alde batetik, gogorra izan da, batzuek ez dugulako sekula halako lanik egin.
I.U.: Nik neuk hasieran beldurra sentitu nuen, ez nekielako zelan galdetu, zelako harrera edukiko zuen… Baina jendeak sekulako prestutasuna erakutsi du gauzak kontatzeko. Prestasuna benetan aipagarria da, ze, oso erosoa izan da eurekin lan eitea.
Z.E.: Guztion arteko auzolana izan da liburu hau, eta jendea prest eta lana egiteko gogoz egon da. Ordu asko sartu ditu jendeak.
Elkarrizketatu zaharrena 1929an jaiotakoa izan da, eta gazteena, 2006an jaiotakoa. Zer desberdintasun ikusi dituzue nagusien eta gazteen artean?
Z.E.: Juan Aransolo Etxebarrieta izan da elkarrizketatu dugun gizon nagusiena, 1929an jaiotakoa, eta Lurdes Egiguren Anitua emakume nagusiena, 1930ean jaiotakoa. Gazteena, ostera, Aitana Aransolo etxebarritarra izan da, 2006an jaiotakoa.
I.U.: Orokorrean, hizkuntza aldetik ikusi dugu desberdintasuna, batez ere, hitanoaren erabileran. Nagusiek hitanoa erabiltzen dute eta gazteen artean, aldiz, batek ere ez du erabiltzen.
Z.E.: Bai, eta bestetik, nagusiek oso elkarrizketa aberatsak egin dizkigute, kontu-kontalari askoz ere trebeagoak izan dira.
I.U.: Lehen, ahozkotasunak garrantzia askoz gehiago zuen, eta nabaritzen da.
Testigantza guztiak Ahotsak.eus orrialdean daude jasota eta gordeta, ezta?
Z.E.: Bai. Euren kamera utzi digute hilabete luzez, eta orain eurek dute gure material dena. Elkarrizketa guztiak entzungai daude bertan; nahi duena sartu, eta bertatik entzun eta ikusi ditzake. Liburua nahi dutenentzat, Ixaie eta Kareaga dendetan dago salgai.
Zelan sentiarazten zaituzte horrenbeste jendek liburuan parte hartzeak?
I.U.: Asko pozten gaitu, eta hunkiarria ere izan da. Auzolanerako gogoa eta prestasuna erakutsi dute. Kidetasun sentimendua sekulakoa izan da.
Z.E.: Beste aldetik, auzo eskoletan ikasi zutenak ere oso eskertuta agertu dira. Gaur egun, auzo eskola asko elkarte gastronomiko bihurtu dira, eta guk horrela ezagutu ditugun arren, jendeak asko du esateko auzo eskolei buruz. Askok barrenak hustu dituzte, eta jaso dugunez, eurentzat pozgarria izan da euren ahotsa nonbait jasota geratu dela jakitea.
50. urteurrena amaierara heltzen ari da. Liburua esku-artean duzue, eta laster etorriko dira antzezlana eta abestia ere.
Z.E.: Bai, nekatuta gaude, baina baita gogobeteta ere. Gauza asko egin ditugun sentsazioa daukagu.
I.U.: Antzerkia ekainaren 13an izango da, eta sekulako arrakasta eduki du; bi egunetako sarrerak bi egunetan saldu dira. Prozesuari dagokionez, ni eskola honetara 7 urterekin etorri nintzen, duela 50 urte, eta orain bukaera hau ematea oso ederra eta berezia da.
Z.E.: Bai, prozesu guztia biribildu dugu, eta oso gustura gaude.