Oiz tontorrean ospatu dute Deiadar Mendien Eguna
Domekan [ekainak 8] mendizale asko elkartu ziren tontorrean. Hurrengo urtean Ganekogortan egingo dute.

Oizek hartu zuen atzo [ekainak 8] 20. Deiadar Mendien Eguna. 2018an antolatu zuten azken aldiz Oizen, azken urteetan beste lau deiadar tontorretan egin ostean: Gorbeia, Ganekogorta, Kolitza eta Sollube. Durangoko Tabira mendi taldeak izan du aurten ibilbidea antolatzeko ardura. Durangoko Alpino Tabirak Bilboko Gailurra klubari eman zion lekukoa, hurrengo urtean Ganekogorta mendira egingo den martxa antolatzeko.
Aurtengoak gainera ibilbide bakarra izan du, Garaiko erdialdetik atera baitziren 09.00etan, 12:00etarako Oizeko tontorrean egoteko. Ibilbide zirkularra osatu zuten, “iparraldetik Kantauri itsasora eta hegoaldetik Bizkaiko barrualdera begiratzen duen talaiaren inguruak ezkutatzen dituen paisaia ederrak ezagutzeko”.
Eguerdian, 2004an Deiadar Mendien lehenengo aldirako berariaz egindako adarra erabili zuten berriro. 12.00etan Oiz mendiaren tontorrean adarren soinua entzun eta gero, antolatzaileek jaigune txiki bat prestatu zuten tontorretik gertu dagoean baseliza batean. Ez ziren falta musika eta mokadu txiki bat.
Bizkaiko Batzar Nagusietatik eskerrak eman nahi izan zizkieten Oizera bertaratu ziren mendizale guztiei: “Poz handia da urtetik urtera tradizio hau bizirik mantentzea. Kondairak dio XIX. mendetik gure arbasoek bost deiadar mendietatik egiten zutela Batzar Nagusietarako deia, orain guk ere herritarrei Batzar Nagusiak ezagutzeko deia egin nahi diegu. Bertan, gure egunerokotasunaren inguruko erabaki garrantzitsuak hartzen dira eta horregatik Batzar Nagusi hurbila eta zabala izatea nahi dugu”.