Flysch beltzaren hilabetean murgilduko dira Geoparkean
Flysch beltza ezagutzeko aukera eskainiko du Geoparkeak flysch beltzaren hilabetean: zapatutik (ekainaren 14) uztailaren 14ra bitartean flyscha ezagutzeko bisita gidatu bereziak eskainiko dituzte.

Inguruko altxor geologiko ezezagunenetako bat da flysch beltza, eta hori ezagutzeko aukera eskainiko du Geoparkeak. Izan ere,flysch beltzaren hilabetean bete-betean sartuko dira zapatutik (ekainaren 14) uztailaren 14ra bitartean. Eta, hitzordu horretarako, bi bisita gidatu prestatu dituzte: bata flyscha haurrekin ezagutzekoa, eta, bestea, flyscheko fosilen berri izatekoa, Nautilus.
Flyscha haurrekin ezagutzeko bisita bi ordu eta erdikoa izango da, eta lau eta hamabi urte bitarteko haurrei zuzenduta dago. Tailer didaktiko bat eskainiko dute, eta Mutriku eta Saturraran arteko itsas paseoa ezagutuko dute, “itsasotik flyscharen sekretuak ezagutzeko asmoz”. Esan dutenez, natura, zientzia eta gozamena lotzen dituen hezkuntza esperientzia da, familian gozatzekoa.
Bestalde, Nautilus irteerak Nautilus Interpretazio Zentro hori ezagutzeko eta ondoren Mutrikutik Saturraranerako itsas zeharkaldia egiteko aukera eskainiko du, bi ordu eta erditan. Zeharkaldia flysch beltzaren itsaslabar “ikaragarriaren” ondotik egingo dutela gehitu dute.
Bi bisita horiek %50eko deskontuarekin eskainiko dituzte hilabete honetan, erreserbak geoparkea.eus webgunean egitean “flysch25” kodea sartuz gero. “Promozio horrekin, Geoparkeak Euskal Kostaldeko flyschik ezezagunena adin gutzietako bisitariei hurbildu nahi die”, esan dute.
Izan ere, helburua da zientzia, lurraren historia eta natura ondarearen balioa zabaltzea, bereziki familiei eta esperientzia hezitzaile eta jasangarriak bilatzen dituztenei.

Bisitariak Geoparkean.Geoparkea
Flysch beltza Geoparkeko formazio geologiko zaharrena da. Duela 100 milioi urte baino gehiago sortu zen oxigenorik gabeko ozeano sakon baten hondoan eta horrek ematen dio bere kolore ilun bereizgarria.
Gaur egun, flysch hau “modu ikusgarrian” azaleratzen da Deba eta Mutrikuko Saturraran hondartzaren artean, edertasun eta balio zientifiko handiko itsaslabarrak sortuz. Bere geruzetan itsas fosilak eta gure planetaren iragan geologikoaren aztarnak gordetzen dira eta zientzialariak garai hartan lurra nolakoa zen uler dezakete.