Mutrikuko azokak sukaldaritza tailerra hartuko du
Mutrikuko Beheko Plaza herriko ekoizle eta artisauen erakusleiho bihurtuko da zapatuan. Bertaratzen direnek, 10:00etan hasi eta 14:00ak bitartean denetariko produktuak erosteko aukera edukiko dute, Merkatu Txikian. Azokak, gainera, Gipuzkoako Azoken Sarea lantaldeak Mutrikuko Udalarekin elkarlanean martxan jarritako ekimena hartu du: Azokatik Mahaiara sukaldaritza tailerrak. Ekimena Gizpukoako azoketara kontsumitzaile berriak erakarri asmoz sortu zuten, eta zapatukoa hirugarren jardunaldia izango da.
Anna Otegi sukaldariak eta Aitziber Aizpuru nutrizionistak gidatutako tailerrek bertako eta sasoiko produktuak ezagutzera eman eta horiek balioan jartzeko balioko dutela azaldu dute antolatzaileek. Hala, saiora bertaratu gura dutenek azokara gerturatzearekin eta bertako aulkietan eseritzearekin nahikoa izango dela nabrmendu dute. Esan dute, gainera, tailerra 11:30ean hasiko dela, eta ordu eta erdiko iraupena izango duela.
Tailerrak hiru helbururi erantzun nahi diela gaineratu dute: “Zoketara kontsumitzaile berriak erakartzea, bertako eta garaian garaiko produktuak kontsumitzeak dituen onurak azpimarratzea eta xahuketa ekiditea dira helburuak”. Bide batez, osasuntsu jateak duen garrantzia azpimarratu dute: “Elikagai bakoitzak nutrizionalki dituen abantailak jakiteaz haratago, osasuntsu nola elikatu ikasteko aukera ere egongo da”.
“Tailerrean zuzenean ikasi ahalko da garaian garaiko produktuak kontuan hartuta etxean modu azkarrean eta erosoan errezetak egiten, ohiko plateretatik pixka bat urrundu eta egunerokotasunean kontsumitu daitezkeen bertako elikagaiak modu erakargarriago batean prestatzen”, esan dute.
“Herriko nekazal azoka indarberritzea ezinbestekoa da”, argitu dute antolatzaileek, eta ekimenarekin horretan eragitea lortu nahi dute, besteak beste. Jakinarazi dutenez, halaber, tailerrean sukaldatutako platera zuzenean dastatzeko aukera egongo da saioaren amaieran. Horrez gain, Azokatik Mahaira egitasmoaren barruan antolatu diten “sukaldaritza tailerretan egingo diren errezetak eta nutrizio aholkuak” ere banatuko dituzte.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.