Euskal Herriko lau puntu kardinalak lotuko dituzte haurren gaixotasunen alde
Gaur [ekainak 12] atera dira Helmugak proiektuko kideak, Ander Txakartegi berriatuarra buru dela.

Helmugak proiektuak aurten jaialdirik antolatuko ez baduen ere, bi urterik behin elkartzen dira eta iaz ospatu zuten, haurren gaixotasun ezberdinen alde lan egiten duten elkarte guztiei elkartasuna ematen jarraitzen die. Erronka zoroen bidez egiten dituzte eta aurtengoa prest dute. Euskal Herriko lau puntu kardinalak lotuko dituzte.
Hau da, Ander Txakartegi eta bere lantaldeak ia 900 kilometro eta 10.000 metro desnibeleko ibilbidea egingo dute. Gaur [ekainak 12] 15:30ean atera dira eta domeka eguerdirako itzuliko dira Berriatura. Samatze (Iparraldea), Eskuila (ekialdea), Kortes (hegoaldea) eta Lanestosa (mendebaldea) herriak dira lau puntu kardinal horiek. Bikepacking eran osatuko dute ibilbidea, guztia soinean daramatela. Gaur eta domekan 170 kilometro egingo dituzte eta bihar eta etzi 300 kilometro egunean, 07:00etatik 22:00etara ariko dira pedalkadak ematen.
Kontrakoa dirudien arren, Txakartegik uste du ez dutela “arazorik gehiegi” izan beharko erronka osatzeko: “Larraun mendatea izango da mendaterik altuena, eta lehen egunean ere ibilbide aldaketa bat egin behar izan dugu Itziar itxita dagoelako. Baina lagunartean dena erosoago eta eramangarriago egiten da”.
Hain zuzen ere, horietako batek jaurti zuen erronka duela urtebeteko jaialdi solidarioan: Igor Antonek. Txirrindulari ohiak gaurko ibilbidea osatuko du, baina lan kontuengatik ezingo du osorik egin. Hiru lagunek egingo dute osorik eta astebururako beste bi batuko zaizkie. Agerrek 2020an esan zuen bezala: “Bidi alkarraz eingau”.