Mutrikuko Rock Kolektiboak Xiri Eguna ospatuko du hirugarren aldiz
Zapaturako [ekainak 14] egun osoko egitaraua prestatu dute. Aurten ez da azokarik egongo eta herriko beste eragileekin elkarlana bilatu dute.

Xiri Andonegi Egurbide mutrikuar eskultore eta margolariak Atxukale izeneko txokoan egin zuen obra biziberritzeko asmoz antolatu zuen duela hiru urte lehen aldiz Mutrikuko Rock Kolektiboak Xiri Eguna. Dagoeneko mutrikuarren egutegian indarra hartu duen eguna da, eta aurten zapatuan [ekainak 14] ospatuko dute.
Hain zuzen ere, Xiri Gunea biziberritzea da helburu nagusietako bat. Egitarauan aldaketak egin dituzte, baina arratsaldeko kontzertuez gain, bestelako ekintzak antolatu dituzte. Aurten egongo ez dena sortzaileen azoka izango da: “Azoka ez da egongo azpiegitura aldetik batez ere, Beheko Plazan Merkatu Txikia dagoelako, eta hori egonda, sortzaileen azoka jartzea eta bi gauzak aldi berean egotea gehiegi dela uste izan dugu”.
Hori bai, aurten gehiago zabaldu nahi izan dute egitaraua. “Talde motorea MRK da, baina parte hartzaileen barruan herriko talde desberdinak daude, eta parte garrantzitsua dira”. Elgoibarretik dultzaineroak etorriko dira eta Gure Ametsa dantza taldearen 60. urteurrena izanik, “aukera polita” ikusi dute elkarrekin Larrain Dantza egiteko herriko plazan. Xiri Egunera jaitsiko dira jarraian kalejiran eta eguneko lehen kontzertua Azkaiter Pelox taldeak eskainiko du, folk akustikoa jotzen dute.
Bazkalostean herria hartuko dute ostera ere dultzaineroekin. Kasu honetan, iaz Mutrikuko erraldoien sorreratik 20 urte bete ziren, eta Xirik berak sortu zituela baliatuta, kalejira egingo dute Xiri Gunera arte. “Erraldoi eta buruhandiekin bai lortzen dugu publiko konkretu bat, ume zein gurasoei begirakoa, eta kontzertuekin ba gaztegoengana heltzen gara”. Hortik aurrerakoak bertan egingo dituzte Lukiek eta Mikosis taldeen kontzertuekin rock eta punk doinuaz uztartuz. Hala ere, gaua zabaldu nahi dutenentzat, Bizixo Jai Batzordearekin elkarlanean, Gaztetxea zabalduko dute.
Ohi bezala, eguraldiari begira daude Xiri Gunea aterpe bako espazioa delako. “Eguraldiaren menpe egoten gara. Gainera, oinez ahal da heldu bertara, baina lan asko eskatzen duen montajea da. Esfortzua eskatzen du martxan jartzea, baina aldi berean oso txoko polita da kontzertuak antolatu eta publiko ezberdina batzeko. Eta hori da helburua, jende desberdinak bertan jartzea fokua”, diote. Euria egitekotan, kontzertuak Gaztetxeak egingo dituzte eta kaleko ekimenak momentuan erabakiko dute zelan moldatu.
Egitaraua:
- 11:30: Dultzaineroen diana
- 12:00: Larrain Dantza, Goiko Plazan.
- Ondoren: Kalejira Xiri Gunera.
- 13:00: Azkaiter Pelox
- 17:00: Mutrikuko erraldoiak eta txistulariak kalejiran Goiko Plazatik Xiri Gunera.
- Jarraian: Txalapartariak.
- 17:30: Mikosis eta Lukiek.
- 21:30: Bizixo Jai Batzordearen eskutik Gaztetxea zabalik.