Ausarta Egunean murgilduta dabiltza Lekeition
Aspanovas Elkarteak minbizia duten adingabeei laguntzeko asmoz Ausarta Eguna antolatu du Lekeition.

Aspanovas Elkarteak antolatutako Ausarta Eguna ospatzen dabiltza gaur [ekainak 14] Lekeitioko herriko plazan, minbizia duten Bizkaiko adingabeei laguntzeko helburuagaz. Jai giroaz gain, aldarrikapenek eta elkartasunak ere lekua izan dute gaurkoan.Â
Janire Atxurra aulestiarrak eman die ongi etorria bertaratuei, 11:00etan. Hala, egitasmoaren helburuak azaldu ditu: “Minbizia duten ume eta nerabeen familiei laguntzeaz gain, Aspanovasi Ausartak Arreta Integraleko Espaziorako dirua biltzen laguntzea dira gaurko egunaren helburuak”. Bizkaiko adingabeen ongizate fisikoa eta emozionala bermatzea ahalbideratuko duen “funtsezko proiektua” dela ere azpimarratu du.Â
Bertaratuei harrera egin ondoren, Aspanovas Elkarteko lehendakaria aurkeztu du aulestiarrak, eta oholtza gainera igo da Mari Jose Martinez. Berak banatu ditu ausarta sariak. Lekeitioko Udalari eman dio Martinezek lehenengo saria, eta Ander Aldazabal igo da oholtzara. Ondoren, guztia aurrera eramateko lanean dabiltzan Itxasne, Alazne, Sonia, Oihana eta Iñigo izendatu ditu Atxurrak, eta lehendakariak sari bana banatu dizkie. Amaitzeko, Cofradia de la Putxera ixan dira hirugarren sarituak.Â
Bertaratuek txalo zaparradaren bidez hartu dituzte sarituak, eta ondoren, Txintxeta eta Txorroskilo pailazoei eman die hitza aurkezleak. Umoretsu igo dira oholtzara bi pailazoak, eta segituan lortu dute umeen arreta eurenganatzea. Pailazoen ikuskizunaren ondoren Oier Magoaren txanda izan da, eta 12:30ean Txirrist txarangak alaitu ditu Lekeitioko kaleak. 13:30ean Unai Egia eta Sajiren kontzertua egon da plazan.Â
Goiz guztian zehar umeentzako puzgarriak, jolasak eta tailerrak ere egon dira. Edarien txosnaz gain, Aspanovas Elkarteak informazio gunea jarri du plazako izkinan, eta egitasmoak amaitu arte bertan egongo direla jakinarazi dute. 14:00etan, aurretiaz plazan prest zeuden mahaietan eseri dira bertaratuak, Cofradia de la Putxerak prestatutako bazkaria jateko asmoz.Â
Aspanovas Elkarteak Lekeitioko Udalaren eta BFAren babesa eskertu nahi izan du, eta Biobizz Foundation, Maier eta Cikautxo enpresen inplikazioa ere azpimarratu du. Horrez gain, Lekeitioko eskola, ikastetxe, denda, elkarte eta boluntarioen lana “goraipatu” dute.Â
Bestalde, Lekeitioko Udalak Ausarta Eguna Lekeition antolatzea “ohorea” dela adierazi du: “Umeen zaintza lehentasuna da udalarentzat eta gure babes eta laguntza osoa Lekeition eta Euskal Herrian minbizia duten umeentzat”.Â

















































































