"Giro ederra" nagusi Etxebarriko Ganadu Azokan
Lehen sektoreri "bultzada emateko" helburuagaz, Ganadu Azoka egin dute gaur [ekainak 14] Etxebarrian. Animaliez gain ekoizleen hamar postu ere egon dira. Arratsaldean, zaldi jauzien erakustaldia egongo da.

Beste urte batez, Etxebarriako eta inguruko abeltzain zein ekoizleen elkargune bihurtu da gaur [ekainak 14] Galartza industriagunea, Ganadu Azokagaz. Lehenengo sektoreari ikusgarritasuna ematea helburu izanda, “giro ederra” nagusitu da azokan. “Herriko lehenengo sektoreari bultzada eta ikusgarritasuna eman nahi diogu. Etxebarrik lehenengo sektorean potentzial oso handia dauka, eta hori da erakutsi nahi duguna”, adierazi dute Etxebarriko Udaletik.
201 ganadu buru elkartu dira industriagunean; behiak, 36 buru; ahuntzak, 30 buru; ardiak, 80 buru; zaldiak, 16 buru; astoak, 33 buru; eta poniak, 15 buru. Animaliez gain, ekoizleen hamar postu ere egon dira azokan, eta inguruko herritarrak postu batetik bestera ibili dira erosketak egiten. Gainera, erreminten eta bestelako materialen postu bat ere egon da.
Azokako postuez gain, jan-edanerako aukera ere egon da Etxebarriko Ganadu Azokan; hala, txosnak inguruan zituen mahaiak jendez beteta zeuden 12:00etarako. Erosketak egin, animaliak ikusi eta jan-edanerako aukera aproposa izan da gaurkoa.
Arratsaldean ere, ez da planik faltako Etxebarrian. Izan ere, egunari amaiera emateko helburuagaz, zaldi jauzien erakustaldia egongo da Etxebarriko Udalak antolatuta. 18:00etan emango diote hasiera erakustaldiari, Ibaun Zelaian, eta bi markina-xemeindar eta etxebarritar bat ariko dira zaldi gainean: Nerea Azkueta (2008, Etxebarria), Jare Guenaga (2014, Markina-Xemein) eta Ziara Baskaran (2016, Markina-Xemein).












































