Euskadiko triatloi txapelketa lehiatuko dute Lekeition
Garraitz Kirol Taldeak antolatuta, Lekeitioko XXXII. Triatloia lehiatuko dute zapatuan [ekainak 21]. Aurtengo edizioak izaera berezia izango du; izan ere, Euskadiko Triatloi Txapelketa izango da.
Lekeitioko 32. Triatloian, esprint distantzia modalitateko Euskadiko Triatloi Txapelketa lehiatuko dute zapatu honetan [ekainak 21]. Proba 15:00etan hasiko dute, eta parte-hartzaileek 750 metro igerian, 21 kilometro bizikletan eta 5 kilometro korrika egin beharko dituzte.
Trantsizio gunea 13:00etan irekiko dute, eta 14:45ean itxi. 14:50erako kirolari guztiek gunea libre utzi beharko dute.
Antolakuntzak kirolarien segurtasuna bermatzeko gehienezko denbora muga hauek ezarri ditu: igeriketan, 22 minutu eta 30 segundo, bizikletan, 1 ordu eta 10 minutu eta helmugarako, 1 ordu eta 50 minutu.
Sari potoloak jokoan. Maila absolutuan, emakume zein gizonezkoen irabazleek 600 euroko saria eta txapela jasoko dituzte. Bigarren sailkatuek 400 euro eta hirugarrenek 300 euro irabaziko dituzte, baita trofeoak ere. Lehenengo hamar sailkatuek sari ekonomikoa jasoko dute.
Gainera, gazte, junior, 23 urtez azpiko, VT1, VT2 eta VT3 kategorietako azkarrenek 40 euroko diru-saria eta garaikurra lortuko dituzte. Bigarren eta hirugarren sailkatuek ere garaikurrak eskuratuko dituzte.
Lekeitiok kirol giro paregabea biziko du zapatuan, eta triatloizaleek aukera paregabea izango dute lehia estu eta ikusgarri batez gozatzeko.